2012-02-03
Komunikazioa
Telebista da entrenitzeko eta informatzeko hedabide nagusia
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 500.000 lagunek irakurtzen dute egunero prentsa Internet bidez
Urtzi Urkizu Donostia
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru herritarretatik birentzat, telebistako programazioa kalitate eskasekoa edo batere kalitaterik gabekoa da; baina, hala ere, %83k egunero ikusten dute telebista. Telebista da, gainera, herritarrek entretenitzeko eta informatzeko nahiago duten hedabidea. Hala dio Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak hedabideen inguruan egin duen txostenak. Formatzeko hedabiderik gustukoena, aldiz, Internet da, elkarrizketatu dituzten 2.122 pertsonentzat. Iazko urrian egin zizkieten galderak: 470ri Araban, 1.060ri Bizkaian eta 592ri Gipuzkoan.
Telebistak indar handia du oraindik, baina Internet ere gero eta gehiago kontsumitzen da; batez ere, gazteen artean. Entretenitzeko, 15-29 urte bitarteko gazteek nahiago dute Internet (%52) telebista baino (%43). Gazteek apenas aipatu dituzten egunkariak eta irratiak alor horretan. Formatzeko eta gauzak ikasteko ere, Internet erabiltzen dute gehien (%71). Aktualitateari buruzko informazioa jasotzeko, berriz, oraindik telebista dute nahiago (%45), Interneten gainetik (%38).
Eusko Jaurlaritzako inkestatik ondoriozta daiteke gazteek gero eta gehiago erabiltzen dituztela sare sozialak. Azken hamabi hilabeteetan Internet erabili dutenei galdetuta, %84k erabiltzen dituzte sare sozialak. 30-45 urte bitartekoen artean, portzentajea %53ra jaisten da, eta, 46-64 urte bitartekoen artean, %23ra.
500.000 lagunek jasotzen dute eguneroko informazioa egunkarien edizio digitalen bitartez.
La1 da katerik gustukoena
Inkestak dio La1 dela telebista katerik gustukoena. Gero datoz Tele5, ETB2, La Sexta, Antena3, La2 eta Cuatro. ETB1 zortzigarren tokian dago. Ikerketak dio Tele5 gustatzen zaiola gutxien jendeari, baina, azken urteetan Sofresek eman dituen datuen arabera, Tele5k du ikusle gehien. Tele5ren ostean, ETB1 gustatzen zaie gutxien ikusleei. Katerik berritzaileena eta sortzaileena La Sexta da, Cuatroren aurretik. Katerik hezitzaileena eta formatzaileena, berriz, La2 katea da, alde handiarekin. Katerik entretegarriena, berriz, Tele5 da, La Sextari alde txikia aterata. La1 kateak du gizartearekiko konpromisorik handiena, inkestako galderei erantzun dietenen arabera. Gainera, ikerketak dioenez, La1 kateak berak ematen du informaziorik neutralena eta inpartzialena, ETB2ren aurretik. Hamar ikusletatik zazpik egunero ikusten dituzte albistegiak, eta La1 katea da haien gustukoena horretarako (%31), ETB2ren aurretik (%24); %7k ETB1 du gustukoen albistegiak ikusteko.
Eusko Jaurlaritzaren inkestaren bitartez, ez dago jakiterik zein den irrati katerik gustukoena; izan ere, Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Radio Vitoriako datuak batera jarri dituzte. Lehen tokian ageri dira hirurak batera, baina ez dago jakiterik hiru horietako bakoitzak zer harrera duen. Gaztea euskarazko irrati formula aparte ageri da, eta herritarren %12k dute kutunen. Irrati kontsumoari dagokionez, herritarren %47k egunero edo ia egunero entzuten dute irratia; %29k, berriz, inoiz ez.
Vocento nagusi prentsan
Prentsa idatziko datuei dagokionez, Vocento taldeko El Diario Vasco eta El Correo egunkariak dira jaun eta jabe. Inkestan parte hartu dutenen %77k irakurtzen dute bi egunkari horietako bat. Inkestari erantzun diotenei galdetu egin diete zein alderdi edo koalizio bozkatu zuten 2011ko batzar nagusietan, eta, ikerketaren arabera, Bilduren boto-emaileen %56k eta Aralarreko %60k irakurtzen dute El Diario Vasco edo El Correo.
Telebistaren alorrean, ETB1ek kalitate gutxi duela diote PSEren, PPren eta EAJren boto-emaile gehienek; nahikoa kalitate baduela diote Aralar eta Bilduren boto emaileek. ETB2ri buruz, berriz, desadostasun handiagoa dago PSEn, baina kalitate gutxikotzat dute PPkoek. EAJren botoemaileentzat, kalitate nahikoa du ETB2k.






