Berria.info

Larunbata, 2013ko maiatzak 25 - 10:11

2012-02-01

Fermin Etxegoien. Idazlea

«Independentziak ez luke aldatuko norberaren baitako hizkuntzaren hautua»

Jendeari euskaraz egiteko eskaerarenak egin du, Euskal Herri post-euskaldunean. Fermin Etxegoien idazlearentzat, kanpaina subliminalak egin beharko lirateke, euskara erdara baino gozagarriago bihurtzeko.

Edu Lartzanguren

/ MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Idazlea da Fermin Etxegoien (Oñati, Gipuzkoa, 1966). Euskara eta estetika hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Zumaiako Alondegian (Gipuzkoa). Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloko lehena izango da. Datorren asteazkenean Joxe Manuel Odriozolak hartuko du txanda, eta, hurrengoan, Jon Sarasuak.

Artistak esaten zuen etika hil den honetan estetika baino ez zaigula geratzen. Euskararentzat ere balio du horrek?

Neurona eta zeurona saiakeran nabarmendu nuen esperientzia linguistikoa esperientzia estetikoa dela eta euskararen aldeko estrategiak kontuan hartu beharko lukeela hori. Euskal Herri post-euskaldunean bizi gara. Euskara eta erdara ia denon baitan daude. Lehia hemen ez da euskaldunaren eta erdaldunaren artekoa, baizik eta norberaren baitan diren euskaldunaren eta erdaldunaren artekoa. Frantsesaren eta espainolaren estetikak garatuta daude maila guztietan, kolokialean, kultuan, filosofikoan, umorean... Hori etengabe sartzen digute hedabideok, guk nahi eta nahi ez, oihartzun baten modura. Erdaldun pasibo gero eta osatuagoak gara. Euskaraz gauza bera lortu beharko genuke.

Zergatik ematen digute euskararen aldeko kanpainek gero eta lotsa handiagoa euskaldunoi?

Orain arte euskararen diskurtsoa agindu etiko batzuetan oinarritu dugu, izaerarekin loturikoak. Horrek eman du berea, eta ematen jarraituko du. Baina identitarioa baino askoz motibazio indartsuagoa da estetikoa. Alegia, norberak erabiltzen duen plastika linguistiko horrekin gozatzea, eta berbetan modu jatorrean ari zarela sentitzea euskaraz. Estrategiak horren arabera ezarri beharko genituzke. Eta hala gertatzen ari da, zorionez.

Non ikusten duzu hori?

Batez ere, Interneten. Jendea ari da jator idazten, komunikatzen, modu konpaktatzaile batean; hau da, esfortzua eskatzen ez dizuen eredu batean. BERRIA batek lortzen du hori ere, zalantzarik gabe, baina euskarara itzulitako zinemagintzak ez, esaterako. Hiztunak gozatu egin behar du bere hizkuntzarekin. Euskara bizirik dagoen tokietan, plastika linguistiko gozagarria izan da hiztunarentzat.

Internet goraipatzen duzu... Fermin Etxegoien Twitterren al dago?

Beste mila tokitan nago. Gaur, egun bakar batean, XIX. mende osoan baino gehiago idazten da euskaraz, deskuidatzen bazara.

Zelako kanpainak egin beharko lirateke euskara bultzatzeko?

Kanpaina pedagogikoak ez, jendea gogaitu egiten delako lekzioak jasotzeaz. Subliminalak egin beharko genituzke. Amurizak Euskara batuaren bigarren jaiotza liburuan eginiko azterketa fina eta naturala aintzat hartu beharko luke administrazioak. Hizkuntzaren formen sozializazioa lagundu beharko litzateke, ez hizkuntzaren beharraren sozializazioa. Azken hori egin dugu dagoeneko milioi bat aldiz, aldez eta moldez: «mintza zaitez euskaraz», «euskarak behar zaitu». Zergatik, bada, nire hizkuntza gozagarria erdara bada? Bestea ez dugu ikusi oraindik administrazioaren aldetik.

Independentziak aldatuko luke jokalekua?

Agian kontrakoa lortuko luke: jende askok lortutzat emango luke helburua, eta hizkuntzaren aldeko tentsioa lasaituko litzateke. Independentziak ez luke aldatuko norberaren baitan dagoen hizkuntzaren hautua, motibazio estetikoa identitarioaren gainetik dagoelako.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia