Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 14:44

2012-01-10

Aitona-amonak euskaltegian

Ilobekiko komunikazioa errazteko ikastaroa egiten ari dira Laudioko AEK euskaltegian

Erredakzioa

Batez ere amonak ari dira euskara ikastaroetan parte hartzen. / BERRIA

Zabaltzeko moduko ideia izan dute Laudion, eta, gauzatzeaz gain, ongi dabilela frogatzen ari dira egunotan ere. Ilobekin hobeto komunikatzea lortzeko, aitona-amonentzako euskara ikastaroak egiten ari dira AEK euskaltegian.

Duela lau urte hasi ziren ikastarookin. Ideia udaletik jaso zuteela dio Eguzkine Iurrebaso irakasleak. Ikasleen ezaugarrietara moldatu dute ikastaroa. «Ilobekin aritzeko eguneroko egoerak eta elkarrizketak lantzen ditugu». Erritmoa ere apalagoa da, helburua ez baita goi mailako euskara ikasketak egitea.

Atzo hasi ziren, eta ekainaren 27ra arte jarraituko dute. Hasiera denez, oraindik astia dago izena emateko euskaltegiko bi taldeetako batean. Astean bi egunez arituko dira. Matrikularen dirua itzuliko diete piper egiten ez dutenei.

«Taldeko gehienak erdaldunak dira, eta hamarretik hiru baino ez dira gizonezkoak», azaldu du Iurrebasok. Arrakastaren lekuko, taldeetako bat bigarren urtez ari da aurten. Ikasleak erretiroa hartuta daudenez, piper egiteko orduan denbora falta aitzakia gisa erabiltzerik ote duten galdetuta, «gehienek ilobak zaintzen dituzte egunero, eta balletera eta halakoetara eraman behar dituzte», dio irakasleak. «Ez pentsa denbora asko dutenik».

EUSKARA IKASTAROAK

Noiz. Ekainera arte, astelehen eta asteazken arratsaldetan.

Non. Berbots euskaltegian, Laudion (Araba). 94-672 67 22.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia