Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 14:43

2012-01-06

Komunikazioa

'Euskonews Gaztea' astekariak argitaratzeari utziko dio

Bost urteren ostean, itxi egin behar izan dute aldizkari digitala; gaur jarriko dute sarean azkeneko zenbakia

U. U. Donostia

Astekariaren azaleko orrialdea. / INTERNET / BERRIA

Arrazoi ekonomikoen erruz, euskarazko beste argitaralpen bati ixtea beste erremediorik ez zaio gelditu. Euskonews Gaztea astekari digitalak gaur jarriko du sarean bere azkeneko zenbakia (http://gaztea.euskonews.com). Eusko Ikaskuntzaren ekimenez, 2007ko urtarrilaren 12an argitaratu zuten lehen aldiz euskarazko astekaria. Eta, horrenbestez, bost urte betetzear zela amaituko da haren bidea.

«Bost urtez aritu gara Euskonews Gaztea egiten, eta ohorea izan da gure irakurleengana Euskal Herri osoko gazteen idazlanak helaraztea», diote astekariko kideek. «Oso gustura ibili gara asteroko edukiak prestatzen, eta euskal gazte askoren kezka eta iritziak azaldu nahi izan ditugu, aldez aurretik ere baldintzatu gabe».

Euskarazko beste aldizkari bat desagertuko da. Hori dela eta, Euskonews Gaztea astekariko kideek nabarmendu dute euskararen osasuna ez dela hain ona. «Pena da euskara normaltasunerako bidea egiten ari dela Euskonews Gaztea-ren gisako euskarriak itxi behar izatea. Euskara, euskaldunok eta gazteria dira galtzaileak».

Astekarian aritu direnek irakurleei eskerrak eman nahi dizkiete eskaini duten arretagatik: «Zu hor egon zarelako aritu izan gara ilusioz eta kemenez. Helburu batzuk genituen lehen zenbakia atera genuenean, eta bete ditugulakoan gaude».



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia