Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 14:34

2011-05-19

Komunikazioa. Irlen sarea

XXI. mendeko mobilizazioak

Gorka Julio

berriketan.info/gorkajulio

Espainian zerbait mugitzen hasi da. Sarean, behintzat, #15m #spanishrevolution #nonosvamos #nolesvotes etiketak sare sozialetan zehar asko mugitzen ari dira. Horietako asko trending topic bilakatu dira, munduan gehien aipatutako gaiak, alegia. Saretik atera, eta kale eta plazak hartu ditu mobilizazioak. Horrek are garrantzi handiagoa ematen dio mugimenduari, klik bateko konpromezutik harago, kalean isla izan duelako.

Mugimendu horren muina ustelkeriaz jositako klase politikoaren kontrako iritzia da. Talde eta pertsona anitzek osatzen dute, eta askotariko eskariek. Hurrengo hauteskundeetan ez ematea botorik PP eta PSOE alderdiei, ustelkeria amaitzea, benetako demokrazia... eta abar eskatzen dute. Ez dute sistema errotik aldatu nahi, baina bai eraldatu. Duela aste batzuk horrelako mugimendurik ezin zen aurreikusi. Espainiako mobilizazio falta zen azpimarragarriena, baina, berriro ere Internetek eskaintzen dituen komunikazioek aktibaturik, erdigune zehatzik gabeko mobilizazio bat sortzeko gaitasuna erakutsi du. Estatua beldur da, eta, horregatik, jendea bildutako plazetan uhin inhibitzaileak erabili ditu; bertako mobilizazioak erakusten zituzten kamerak itzali, eta manifestarien artean infiltratuak sartzea ere lortu du.

Berriro ere M11, Paris, Tunisia, Egipto... gertatu zen bezala, masa kritikoa lortu, eta mugimenduak izaera epidemikoa hartu du. Hau posible egin izan dutenak, teknologiaz gain, klima soziala eta aurretik Sinde legearen bueltan sortutako harreman sareak izan dira gakoa. Testuinguru eta harreman sare horiek gabe, zaila litzateke lortutakoa lortzea. Testuinguruari hauteskundeak gaineratu behar zaizkio. Horri esker, mugimenduak agenda politikoa baldintzatzeko aukera errazagoa izan dezake, nahiz eta jomuga maiatzaren 22an finkatu izanak mugimenduaren etorkizuna baldintzatu dezakeen. Gurean mugimendu horren arrakasta ez da handia izaten ari. Batez ere, hemen gatazka sozialek eta eskubide zibilen eta politikoen defentsak erantzun masiboak izan dituztelako aurretik. Hala ere, era horretako mugimenduak egituratzeko gaitasuna erakusten duten beste antolatzeko erak gurean ere gertatu dira, greba egunetan antolatutako gerrilla komunikatiboak edota azkenaldian V de bildu eta #freebildu ekimenak. Denak, XXI. mendeko mobilizazio mota berrien erakusgarri.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia