2011-04-15
Komunikazioa
Twitterreko eraginkorrenak
Rafinha Bastos umoregile brasildarra da munduko eraginkorrena Twitter sare sozialean, Twitalyzer kontsultoraren arabera. Tuit batzuengatik milaka dolar ordaintzen dizkiote enpresek.
Urtzi Urkizu Donostia
Rafinha Bastos umoregilak Twitterren idazten dituen txisteak ia bi milioi lagunek irakurtzen dituzte. / BERRIA
Lady Gaga (9 milioi jarraitzailerekin), Justin Bieber (8 milioi) eta Britney Spears (7 milioi) dira Twitter sare sozialean munduan jarraitzaile gehien dutenak. Haien mezuek, ordea, beste pertsonaia ezezagunago batzuenak baino oihartzun txikiagoa dute. Izan ere, jarraitzaile kopuruak baino garrantzi handiagoa du tuiterlariek idatzitako mezuen eraginak. Hau da, zenbat retweet dituzten, zenbat irakurtzen diren eta mezu horietaz zenbatetan hitz egiten den sare sozialean. Eragin hori aztertzeko lana Twitalyzer kontsultorak (http://twitalyzer. com) egiten du.
Azkeneko asteetako datuen batez bestekoa eginez gero, munduan Rafinha Bastos umoregile brasildarra da Twitterreko eraginkorrena. 1.950.000 jarraitzaile ditu Bastosek, eta haren mezuak dira sarean gehien zabaltzen direnak. Portugesez idatzitako haren hitzetan umorea izaten da nagusi. Brasilen oso ezaguna da, Band telebista katean Caiga quien Caiga eta A Liga saioak aurkezten baititu. Iaz, Sao Paolo hirian Brasilgo aurreneko komedia kluba ireki zuen, Danilo Gentili eta Italo Gussorekin batera. Twitalyzer-ek ematen dituen datuetatik harago, duela aste batzuk The New York Times egunkariak argitaratu zuen artikulu batek zabaldu du haren ospea nazioartera. «Twitterreko pertsonarik eraginkorrena» izendatu zuen New Yorkeko egunkariak.
Wired aldizkarian egin zioten elkarrizketa batean, Bastosek adierazi zuen ez zuela ulertzen jendeak zergatik erabiltzen zuen Twitter. «Zabor hau erabiltzen hasi naiz», idatzi zuen bere lehen mezuan. Baina pixkanaka txisteak sartzen joan zen, eguneko gertakarien inguruko umorezko iruzkinak egiten. Eta bere tuitak abiadura bizian zabaltzen joan ziren. Sarean zuen ospea asko handitu zen aste batzuen buruan. Hala, egun haren txisteak milaka erabiltzailek birtuiteatzen (zabaltzen) dituzte. Ospe hori dela-eta, enpresa batzuek euren produktuak gomendatzeagatik ordaintzea proposatu zioten brasildarrari. Umoregileak proposamena onartu, eta egun promozio tuit batzuengatik 4.000 dolar (2.778 euro) jaso ditzazke. Tuitetan produktuen publizitatea egiteagatik ordaintzen diotenen artean freskagarri enpresa indartsu bat dago.
Twitalyzerreko datuak begiratuz gero, atzo Barack Obamaren tuitek eragin handiagoa zuten Bastosenak baino. %72,7ko eraginkortasuna zuten Obamaren tuitek, eta 7 milioi jarraitzaile; The New York Times-en zerrendan, ordea, zazpigarrena zen Obama. Edonola ere, datua egunero alda daiteke, eta beste tuiterlari bat jar daiteke haien aurretik. Azkeneko hilabeteetan eraginkortasun handiena dutenen artean Stephen Fry zuzendari eta aktore britainiarra dago. Zerrendako gainontzekoak AEBetakoak dira, salbuespen batekin: Luciano Huck telebista aurkezle brasildarra. Bastosen kate berean egiten du lan Huckek.
Twitalyzer zerrenda
Twitterren munduko hamar eraginkorrenak:
1- Rafinha Bastos (umoregilea).
2- Chad Ochocinco (futbol amerikarreko jokalaria).
3- Conan O'Brien (telebista aurkezlea).
4- Stephen Fry (zinema eta antzerki zuzendari eta aktorea).
5- Ryan Seacrest (irrati esataria eta telebista ekoizlea).
6- Snoop Dogg (rap kantaria).
7- Barack Obama (AEBetako presidentea).
8- Rainn Wilson (aktorea).
9- Kim Kardashian (telebista aurkezlea eta modeloa).
10- Luciano Huck (telebista aurkezlea).






