Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 14:28

2011-04-12

Komunikazioa

EITBk ezker abertzaleari jarritako betoa salatu dute kazetariek

Espainiako kazetarien elkartearen ustez, hartutako neurria «hedabideen funtzioen eta langileen aurka doa»

M.A.

Otsailaren 28an Eusko Legebiltzarrak EITBren inguruan onartu zuen ebazpena salatu du FAPE Espainiako kazetarien elkarteak. «Legez kanpoko Batasunaren ordezkariak» EITBko saioetara ez gonbidatzeko eskatu zion legebiltzarrak zuzendaritzari, baita «terroristei, legez kanpoko erakundeei edo erakundeak ordezkatzen, justifikatzen eta haien ekintzak babesten dituztenei» lekurik ez emateko ere.

Euskal Kazetarien Elkarteak erabaki horren aurkako eskari orria aurkeztu zuen Espainiako kazetarien elkartean, «administrazio publikoa kazetaritza lanean sartzearen» aurka. Aurkeztutako eskari orria aho batez onartu du Espainiako kazetarien elkarteak. «Erakunde politiko baten proiektuaren inguruko berririk ez ematea hedabideen funtzioen eta profesionalen aurka doa». Horrekin batera, kazetariak «gertatzen dena jasotzeko betebeharra» duela adierazi dute, baina horrek ez duela «berez kazetaria gertakizunaren alde edo kontra jarri behar». Gainera, ahotsa batzuei bakarrik emateak «beste errealitate batzuen existentzia ukatzea» dakarrela adierazi du Espainiako kazetarien elkarteak.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia