Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 14:19

AGENDA;2010-11-16;KOMUNIKAZIOA. Mundu osoko irrati komunitarioak, etorkizunera begira. Argentinako biltzarrean parte hartu du Antxeta irratiak, eta hizkuntza gutxituen aldeko neurriak bultzatu ditu. Aitziber Zapirain. Antxetako koordinatzailea

Mundu osoko irrati komunitarioak, etorkizunera begira

Argentinako biltzarrean parte hartu du Antxeta irratiak, eta hizkuntza gutxituen aldeko neurriak bultzatu ditu

Gorka Berasategi.

La Plata

Irrati Komunitarioen Nazioarteko Biltzarra egin dute joan den astean La Plata hirian (Argentina), AMARC irrati komunitarioen elkarteak antolaturik. 110 herrialdetako 400 irrati baino gehiago bildu dira. Tartean, Euskal Herriko irratietako ordezkariak ere bai. Hendaiako Antxeta irratiaren ekimenez, hizkuntza gutxituen aldeko neurriak hartzea erabaki du AMARCek. Hizkuntza gutxituen gaia erakundearen lehentasunen artean kokatzea onartu dute biltzarrean, eta hizkuntza horiek babesteko baliabideak bideratuko dituzte.

Hala, hizkuntza gutxituen afera lantzeko, idazkaritza propioa sortuko du AMARCek, eta Unescok kultur aniztasunaren inguruan eginiko adierazpena oinarritzat harturik, hainbat ekimen zehaztuko ditu erakundeak. Era berean, hizkuntza horien defentsa, berreskuratze eta normalizazioaren alde irrati komunitarioek eginiko lana nabarmendu dute.

Mundu osoko 5.000 irrati biltzen ditu AMARCek, eta 1983tik, sortu zenetik, X. Nazioarteko Biltzarra da Argentinan antolatu dena. Hainbat herrialdetako kideek garatu dituzten proiektuen eta esperientzien berri eman dute, eta proposamen sorta bat landu dute, etorkizunari begira. Irrati komunitarioek justizia sozialaren alde, giza garapen jasangarriaren alde eta demokrazia parte-hartzaileagoa sortzeko helburuarekin joka dezaketen rola aztertu nahi dute.

Biltzarra Hego Amerikan antolatzeko zergatiak ere norabide beretik doaz. Hango irratiek bildu duten irakaskuntza eta esperientzien transmisiorako aukera zabaldu nahi izan dute. Batetik, orain 60 urte Hego Amerika irrati komunitarioen sorleku izan zelako eta, bestetik, azken urteetan hango herrialdeetan aldaketa sozial sakonak izaten ari direlako.

Sektore baztertuen tresna

Biltzarrak iraun duen artean hainbat gai aztertu dituzte. Mundu hobe baterako proposamenen transmisioa izan da gai horietako bat, eta, horren barruan, irrati komunitarioetako edukiek gizarte mugimenduekin duten harremana. Genero berdintasuna ere aztergai nagusietakoa izan da. Baita datozen urteetarako estrategiaren diseinurako hausnarketa ere. Horrez gain, komunikazio esparruaren demokratizazioa eta irrati komunitarioen onarpenerako esparru legala sortzeko beharra aztertu dituzte.

Hausnarketarako esparruez gain, tailer praktiko ugari antolatu da La Platan. Landa inguruetan irrati transmisioak egiteko tailerra, irrati komunitarioen kudeaketa eta mantenurako argibideak edota irrati digitalari buruzko kurtsoak, besteak beste.

Gizarte eredua aldatzeko irratiak duen garrantzia nabarmendu du AMARCek. Gainontzeko komunikabideen kasuan ez bezala, irratiaren bidez posible baita irakurtzen eta idazten ez dakiten giza taldeengana nahiz telefonorik ez dagoen eskualde behartsuetara iristea. Gizarteko sektore baztertuen komunikaziorako funtsezko tresna da, beraz.

Biltzarraren azken egunean, Solidaritate saria banatu du AMARCek, eta aurten Haitiko Port-au-Princeko irrati komunitarioa saritu dute, Haitiko lurrikararen ostean gobernuak berak komunikazioa eten zuen arren hark herritarren arteko komunikazioari eutsi ziolako.

 

Aitziber Zapirain.

Antxetako koordinatzailea

«Irrati komunitarioek anitz eragin dezakete kulturak biziarazten»

G.B.

La Plata



Zein diozu Nazioarteko Biltzarraz?

Biziki aberasgarria da, munduko bazter guztietako jendea ezagutzen baita. Nor bere herrian komunikazioa eskubidea dela aldarrikatzen gabiltza, demokratizatu beharreko sektorea dela-ko.

Zein onura ekarri dizkio biltzarrak Antxeta irratiari?

Alde batetik, Euskal Herriko egoera mundu zabalera hedatzeko aukera ematen du. Estaturik gabeko nazio gisa aurkezten dugu Euskal Herria han, hizkuntza lurraldetasunaren abiapuntutzat harturik. Ohartu gara irrati komunitario batek itxaropena hizpide harturik anitz eragin dezakeela bertako kultura berreskuratu eta biziarazten. Palestinak, Nepalek eta Argentinako zein Txileko maputxeek egun egiten duten bezala, Antxetak ere bai.

Ezagutu dituzun proiektuen artetik baten bat nabarmenduko zenuke?

Proiektu gehienak iruditu zaizkit interesgarriak. Hala ere, Haitiko lagunen prestutasuna nabarmenduko nuke. Aurten haientzat izan da AMARCek banatzen duen Solidaritate saria. Larrialdi egoeretan irrati komunitario baten rola zein den argi eta garbi utzi dute: muga eta oztopo guztien gainetik, informatzen segitzea.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia