Gazteak, txostenak eta deabrua
Ekografiak
Jokin Labaien
Espainiako Estatuko hamabi eta hamazortzi urte arteko 3.219 gazteri egin diete inkesta. Emaitza, noski, nahi duen hura beldurtzeko modukoa da. Hala adierazi dute Herritarren Babeserako Bulegoak eta Unicef erakundeak, Telebistako eta Interneteko programazioa eta edukiak: adingabeen iritzia haien eskubideen babesaren inguruan txostenean.
«Telebistak anorexia, bulimia eta alkoholaren eta tabakoaren kontsumoa bultzatzen ditu». «Telebistako saioek emakumeak diskriminatzen dituzte». «Telebistak ez du adingabeen ordu- tegiaren araudia errespetatzen». Hiru ondorio gordin, gordinki.
Halaber, gaur egungo telebistak ez omen dio haien heziketari mesederik egiten. Dena den, bi ordu baino gehiago igarotzen dituzte deabruaren tresna horren aurrean. Egunero. Baita haientzat egokiak ez diren ordutegietan ere. Normala. Nik ere egiten nuen haien adinean. Gainera, bizitzako aro jakin batzuetan, ez omen diegu geure buruei kaltegarri zaizkien kontuei arreta handirik ematen. Maiz entzun izan dut argudioa gazteei buruz ari garenean.
Nik uste, bizitzako aro guztietan gertatzen dela antzera. Izan ere, hiru ondorio gordinok hein berean dira kaltegarri helduentzat ere. Hala sentitu eta kritikatzen ditugu maiz. Ustez, babes eta jakinduria handiagoa dugun arren, hein berean zaizkigu deitoragarri. Baina nortasun agirian helduak garenok, bi ordu baino gehiago ematen ditugu egunero deabruaren tresnari begira.
Beste txosten bat gehiago dakar horrek. Eta ondorioen hurrengo pausoa: larrutu ditzagun telebista kateetako arduradunak! Ados. Zenbatgarrenez? Sala ditzagun epaitegietan! Ados. Zertarako? Heziketa da gakoa! Ados. Helduok prest al gaude gazteen eredu izateko? Ala haiek ohera bidalita konponduko dugu arazoa? Nago, nahi dugun hori lortzeko errazagoa dela telebista itzaltzea edo benetan merezi duen zerbait bilatzea. Geuk eskatu gabe hartuko lituzke neurriak batek baino gehiagok.
Txostenak, ordea, arrazoia kendu nahi dit. «Gehiegitan, ikus-entzuleen nahiei bizkarra emanda funtzionatzen du telebistak». Horretan ez diot arrazoia emango. Hain zuzen, kateetako arduradunek badakitelako zerbait berez gustatu ez arren ikusi egiten dugula. Eta guk, gaurko telebista eredua kaltegarri zaigula uste dugunok, argumentu oro galtzen dugu.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
