Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 14:18

AGENDA;2010-09-23;KOMUNIKAZIOA. Irlen Sarea. Grabitazio zentralizatzailea

Grabitazio zentralizatzailea

Irlen Sarea

Gorka Julio

Twitterrek eraso bat izan du. Ez da larria izan, baina momentu batean kaos txiki bat sortu du bere webgunearen erabiltzaileen artean. Enpresak horren berri eman behar izan du (http://t.co/j5eqLWd) eta euskaraz Sustatu Interneteko albistegian ere albiste izan zen (http://sustatu.com/1285074984).

Arazo zehatza alde batera utziz, berriro nabarmentzen dira zerbitzu zentralizatuen arriskuak. Hasieran, berrikuntza sortzen denean, oso gauza interesgarriak izan daitezke, zerbait berria. Baina handitzen direnean, kontrol eta arazo gune bihurtzen dira. Gainera, nolabaiteko grabitazio indar bar sortzen dute inguruan (nire lagunak hor badaude, nik ere egon beharko dut). Fenomeno horrek asko zailtzen du aukera berriak sortzea.

Hala ere, Interneteko berezko izaera zentralizazioaren aurkakoa denez, aukerak beti sortzen dira. Azkenaldian Diaspora (http://joindiaspora.com) eta Status (http://status.net) sortu dira, Facebook eta Twitterren alternatiba banatuak hurrenez hurren. Tresna horiei esker, norberak bere zerbitzua sor dezake (edo beste batean parte hartu), baina zerbitzu mota beraren beste batekin komunikatzeko aukera dute. Hau da, ez dut berriro nire lagunaren tresnan izena eman beharko, eta berarekin harremanetan jartzeko aukera izango dut.

Horrek guztiak aldaketa handiak ekar ditzake. Alde batetik, automatikoki Diaspora, Status eta etorkizunean beste zenbait tresnak (baita blogak ere: Wordpress, kasu) elkarrekin komunikatzeko aukera izango dutela. Bestalde, masa kritiko nahikoa lortuz gero, Facebook eta Twitter moduko zerbitzuak ere onartzera behartuta egongo direlako. Momentu batean, haiek ere uler dezakete konpetentzia ez dagoela erabiltzaileak beraien zerbitzuetan egotera behartzean, baizik eta haiei zerbitzu bereziak eskaintzean.

Irekitzen den bide honek euskaldunoi ere aukerak eskaintzen dizkigu. Zerbitzu handiek sortzen duten grabitazio fenomenoa saihestea oso zaila da; baina irlen sare berri horretako irla konektatu bat izatea, oso posiblea. Oraindik hau garrantzitsua ez dela pentsatzen baduzu, blogosferarekin konpara dezakegu. Blogosfera banatu bat da, eta horregatik euskarazko zerbitzu asko (blogari.net, blogak.com, mundua.com) eta blog indibidual asko sortu ziren. Zenbat sare sozial arrakastatsu sortzea lortu dugu?

gorka@teketen.com

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia