Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 14:17

AGENDA;2010-08-08;Ainara Garcia. Argazkilaria. «Leku ederrak ikusteko urrutira joan beharrik ez dagoela erakutsi nahi dut». 'Euskal Herriko txokoak' erakusketa jarri du abian Ainara Garcia argazkilariak, gure lurraldeko paisaien argazki bilduma.

Ainara Garcia.

Argazkilaria

'Euskal Herriko txokoak' erakusketa jarri du abian Ainara Garcia argazkilariak, gure lurraldeko paisaien argazki bilduma. Lasarteko Jalgi kafe antzokian egongo da ikusgai hilaren bukaera arte.

«Leku ederrak ikusteko urrutira joan beharrik ez dagoela erakutsi nahi dut»

Adrian Garcia.

Donostia

Hasieratik zuen argi Ainara Garciak (Azpeitia, 1987) sormenarekin zerikusia zuen zerbait egingo zuela. Arte batxilerra egin, eta argazkilaritzarako zaletasuna piztu zitzaion. Irudi eta soinu ikasketak burutu ostean, freelance moduan dabil argazki agentzia pare batentzat lanean. Zaletasuna eta lanbidea partekatzen ditu Garciak, gustuko baitu bere kasa argazkiak ateratzea ere. Argazki asko bere webgunean ikus daitezke, www.ainaragarcia.com helbidean, hain zuzen. Eta bere lehenengo argazki erakusketa ikus daiteke jada, Lasarteko Jalgi kafe antzokian. Euskal Herriko txokoak izenburupean, gure inguruko paisaia ikusgarriak harrapatu ditu bere kamarekin.

Zer erakutsi nahi duzu erakusketa honetan?

Gehienbat, hemen inguruko eta nire ikuspuntutik politenak diren lekuak erakutsi nahi ditut. Hamaika argazki daude, eta ezin izan ditut politak iruditzen zaizkidan txoko guztiak sartu. Aukeraketa bat egin behar izan dut. Leku ederrak ikustera urrutira joan beharrik ez dagoela erakutsi nahi dut.

Zenbat denboran egin dituzu argazkiak?

Suertatzen zaizkidan moduan joan naiz argazkiak ateratzen. Hasieran ez nuen pentsatzen erakusketa batean ipiniko nituenik. Pare bat urtean egiten joan naizen argazkien hautapen bat da erakusketa.

Zer dela-eta bururatu zaizu erakusketa martxan jartzea?

Argazkiak egiten dituzunean beti gustatzen zaizu jendeak zure lana ikustea. Aspalditik nuen buruan erakusketa bat egitea, baina ez nuen argazkiak erakusteko leku aproposik aurkitzen, Jalgira joan nintzen arte.

Zein leku agertzen dira argazkietan?

Paisaiak dira gehienak. Donostiako argazkiak daude, Zumaiakoak, Nafarroako Urederra eta Bardea, Barrikakoak Bizkaian. Denak hemen inguruko lekuak.

Zeintzuk dira argazkilari on batek eduki beharreko ezaugarriak?

Kuriosoa izan behar du argazkilariak. Eta, batez ere, gauzak ikusteko gogoa izan behar du, eta ez bakarrik gauza politak. Pazientzia ere oso garrantzitsua da.

Prentsako argazki baten atzean dagoen lanaz ohartzen al da jendea?

Argazki baten atzean dagoen lana argazkilariak bakarrik daki. Argazki batean ezin daiteke ikusi. Oro har, uste dut ez dela baloratzen. Hala ere, argazkilaritzaz ulertzen duenak imajina dezake argazki bakoitzaren atzean dagoen esfortzua.

Erakusketa gehiago egiteko asmorik ba al daukazu?

Irail bukaerarako Azpeitian beste erakusketa bat egiteko asmoa dut. Hori, ordea, guztiz bestelakoa izango da. Oraingo erakusketan, nire helburua gauza politak ikusteko ez dela urrutira joan behar frogatzea da, eta hurrengo erakusketan urrutiko gauza politak erakutsiko ditut. Aurreko urtean Marokon egon nintzen hamar egunez, eta aurten beste aste batez Finlandian egon naiz. Bi leku oso desberdinak dira. Munduan zer-nolako gauza desberdinak topa daitezkeen erakutsiko dut. Leku batean dena basmortua da, ez dago batere urik, eta handik milaka kilometrotara, izoztutako laku bat egon daiteke. Kontraste horiek erakutsi nahi ditut argazkien bidez.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia