Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 14:11

AGENDA;2010-07-24;Douglas Nightingale. The Sparteens-eko gitarra. «Uste dut Kurt Cobain ez zela etorriko egun hauetan gure kontzertuetako batera». Broma batekin hasi ziren rock abestiak ye-ye kanta bihurtzen. La Pollaren 'Txus' abestia izan zen lehena. Bromarekin jarraitu dute, eta beren abestien bilduma atera dute: 'Grandes exitos del ayer' izenekoa.

Douglas Nightingale.

The Sparteens-eko gitarra

Broma batekin hasi ziren rock abestiak ye-ye kanta bihurtzen. La Pollaren 'Txus' abestia izan zen lehena. Bromarekin jarraitu dute, eta beren abestien bilduma atera dute: 'Grandes exitos del ayer' izenekoa.

«Uste dut Kurt Cobain ez zela etorriko egun hauetan gure kontzertuetako batera»

Amaia Garcia.

Donostia

60ko hamarkadako taldea direla diote. Gaur, Zuraiden (Lapurdi) izango da guatekea, 22:00etan, plazan.

Urte batean single yeyeak kaleratzen ibili zarete; bitartean, publikoarekin harremana izan duzue. Zer erantzun mota jaso duzue publikoarengandik?

Erantzun nahiko diferenteak izan ditugu, zeren gala desberdinetarako deitzen digute. Batzuetan, broma ulertzen duten publikoa dago. Adibidez, gure adinekoak izango zirenak eta, agian, gu gazte ginean gaztetxe berberetan ibili zirenak, eta gero benetako garai horretakoak ere etorri izan dira. Miarritze aldetik, webgune batean elkartzen dira 60 eta piko urteetako jendea, eta kontzertuetan agertzen dira. Ez dute oso ondo ulertzen zein diren kanta haiek. Gazteenek, askotan ez dakit broma ulertzen duten, edo agian garai horiek ez dituzte ezagutu. Hiru publiko mota horiek ditugu. Ikusi ditugu, askotan, gure garaikideak direnak, bere gurasoekin batera etorriak kontzertuetara; horrela, bi belaunaldi elkartzera lortzen dugu.

Zuen zaleek 60ko hamarkadan bezala jarraitzen dute edo erritmoa galdu dute?

Iparraldean, adibidez, rock akrobatikoa betidanik dantzatzen da. Iparraldeko festa batzordeetan, eskuarki, nahiz eta heavy talde bat ekarri, trikitixa talde bat ekarri edo reggae talde bat ekarri, dena delakoa ekarri, guztiak rock akrobatikoa dantzatuko du musika horretan. Publikoari jartzen diozun edozein estilo eta rock akrobatikoa dantzatzen dute. Gero eta barnerago joan, dantza horren gero eta zaleagoak dira. Beraz, erritmoa ez da hainbesterako galdu. Hegoaldean bada maila ere twist dantzan; beraz, ez da erritmoa galdu.

Jendea yeye estiloz jantzita joaten da kontzertuetara?

Gertatu izan da, bai. Normalean, deitzen digutenean, jai berezia antolatu nahi dutelako da, eta normalean giroa antolatzen dute, bai jantziekin, bai dekorazioarekin. Orduan, askotan agertu izan zaigu jendea garai horretan bezala jantzita, motots eta guzti.

Ez zarete beldur yeye estiloa berriro modan jarriko ote duzuen?

Espero dut baietz. Txikia nintzenean Marisol eta Rocio Durcalen pelikulak ikusten nituen. Luis de Funesen hots banda, eta horrelakoak asko gustatzen zitzaizkidan. Niretzat, Yeye estiloa modan jartzea izango litzateke haurtzarora itzultzea, eta hori guztia gogoratzea.

Gaur, Zuraiden joko duzue, eta, abuztuan, Euskal Herrian kontzertu batzuk emango dituzue. Baina, urrian, Brestera joango zarete, jaialdi batera. Nolakoa izango da jaialdia?

Bresteko zinema eta bideo alternatiboen jaialdira joango gara. Aurten, Euskal Herria da herri gonbidatua. Beraz, hemendik zenbait ekoizle izango dira; ez nago ziur guztira zeintzuk joango garen, baina gu bertan egongo gara. Gainera, uste dut musika talde bakarra garela.

Zuen abestien egileak zuen kontzertuetan ikusi dituzue?

Ba, ez dakit. Tira, zenbaitzuetan Fermin Muguruza topatu dut, eta badakit EHZ jaialdian egon ginen urtean berak ere jo zuela; beraz, agian izango zen. Egun horretan ez nuen ikusi. Zarauzko gaztetxean jo genuenean, Mikel Anestesia agertu zen. Besterik ez dakit. Agian agertu dira, eta ez gara konturatu! Baina uste dut Kurt Cobain ez zela etorriko egun hauetan gure kontzertuetara.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia