Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 14:11

AGENDA;2010-07-22;KOMUNIKAZIOA. Irlen sarea. Askatasuna jokoan

Askatasuna jokoan

Irlen sarea

Gorka Julio

Hasieratik Internet adierazpen askatasuna gauzatzeko biderik askeena izan da. Orain arte horrela izan bada ere, gero eta eraso gehiago dago askatasun horren aurka. Azkena, AEBetan blogetery.com sareko 73.000 blogen itxiera. Arrazoi argirik ez dago, baina badirudi gobernuko segurtasun agentzia batek itxi duela, terrorismoarekin erlazionaturiko mugimenduak direla eta.

Badirudi arrazoi gutxi behar direla ez blog bakarra, baizik eta milaka saretik kanporatzeko. Baina, gurean ere horrelakoak gertatu izan dira. Espainiako Estatuaren historiala nahiko handia da. Batasuna.org webgunea saretik kanpo utzi zutenetik, gero eta gehiago izan dira, azkena Gaztesarea.net.

Facebook Interneteko sare sozial ezagunak ere, 4.600 jarraitzaile zituen Arnaldo Otegiren orrialdea itxi du. Berriro ere arrazoiak garbi utzi gabe. Hala ere, jada beste orrialde bat sortu dute http://tinyurl.com/arnaldo-otegi-facebook, eta Arnaldotegi.com ere abian da.

Hori dena gutxi balitz, AEBetako Gobernuak neurri gogorragoak proposatzeko bideak ireki ditzake. AEBetako presidenteari emergentzia egoeran Internet osoa edo parte bat itzaltzeko aukera emango liokeena.

Beraz, gero eta garrantzitsuagoak dira adierazpen eta informazio askatasuna ziurtatuko duten Wikileaks.org ekimena martxan jartzea. Iraken AEBetako armadak zibilak hiltzen grabatutako bideo bat zabaldu zuenean egin zen ezagun ekimen hori. Ekimen horrek beste hainbat gauza ere lortu ditu: ACTA izenez ezaguna den egile eskubideen inguruko eta eskubide urraketa garbiak barne hartzen dituen akordioaren agiria zabaltzea.

Ekimen hori baino zabalagoa eta garrantzitsuagoa izan da Islandiako Gobernuaren Icelandic Modern Media Initiative IMMI (http://immi.is/) izenekoa. Horren bidez, Islandia ikerketa kazetaritzaren paradisua izango da. Informazioa askatasun guztiarekin zabaltzeko aukerak eman nahi ditu, gardentasuna eta anonimotasuna ziurtatuz. Egoera ikusita, gure sare propioak eraikitzen hasi beharko dugu, Guifi.net proiektuak egiten duen moduan. Baina bitartean bakoitzak ahal duen neurrian bere bloga, bere komunitate txikia edo Interneteko sare sozial gertuagokoak eraikitzen joatea garrantzitsua izango da. Hitzez aurre egitea garrantzitsua da, baina ekintzak behar dira.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia