Bidaiatu edo ihes egin
Gorka Julio
Irlen sarea
Zerbait aldatu bada azken urteetan bidaiatzeko era izan da. Gure gurasoek beren herria eta ingurua bakarrik ezagutzen zuten; gaur egun, aldiz, jende askok munduan zehar ibiltzeko aukera dauka. Arraroa izaten da hegazkin bat hartu ez duen norbait aurkitzea.
Aldaketa horiek guztiak teknologiaren bitartekaritzaren ondorioz gertatu dira. Horien artean, Internetek erraztasun handiak eman dizkigu lekuak ezagutu eta horietara joateko bidaiak lortzeko. Interneteko berrikuntza askok sozializatzeko denbora bat ematen dute, eta bidaiak izan dira sozializazio maila garrantzitsu bat lortzen lehenengotarikoak. Bidaiak bilatzeko Minube.com, Atrapalo.com eta gisako atariak eta low cost bidaiak izan dira fenomeno horren garapenaren arrazoi nagusiak. Argi dago, beraz, bidaiatzeak interes handia duela. Google handiak ere aste honetan ITA erosi du. ITA enpresa hegaldi eta eserleku libreei buruzko informazioa kudeatzen duen enpresa garrantzitsu bat da. Oraingoz, Googlek adierazi duenez, informazio hori bakarrik bere bilatzailean integratzeko erabiliko du.
Baina, horretaz guztiaz gain, bidaien inguruan beste hainbat fenomeno interesgarri ere sortu dira. Bidaiarientzako komunitateak, informazio webgune ugari, sare sozialak... Horien artean etxea trukatu nahi dutenen komunitateak: Homeexchange.com, Intervac-homeexchange.com, Livingaway.com... Horietaz gain, etxeetan txoko bat, sofa bat behintzat uzten duten pertsonen sareak ere sortu dira. Hotel, pentsio edo lo egiteko leku batean dirua gastatu nahi ez dutenentzat Couchsurfing.org eta gisako webguneak daude.
Baina fenomeno harrigarrienen artean nomadismo berria dago. Denbora guztian bidaiatzen ari diren pertsonak dira horiek. Batzuk zergak ez ordaintzen saiatzen dira, beste batzuk pribatutasuna bilatzen dute, beste batzuk estatuen zirrikitu legalak baliatzea... Aholkularitza enpresak (Ptshamrock.com) eta informazio webguneak (Neo-nomad.net) sortu dira. Wired aldizkariak gai horri artikulu oso bat (http://tinyurl.com/wired-gone) eskaini zion. Horietako askok teknologia etengabe erabiltzen dute, komunikazioa mantentzeko eta beraien bizimoduak horrela eskatuta. Denok pentsatu dugu noizbait betirako desagertzea, hau era horietako bat izan liteke. gorka@teketen.com
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
