Berria.info

Osteguna, 2010ko irailak 9 -

2010-07-04

Monica Terribas.

TV3ko zuzendaria

Bi urte dira TV3ko zuzendaria dela. Ez du uste balantzea egiteko ordua denik, «gizarte katalanarekin identitatea lortzekoa baizik».

«Datu onak ez dira lortzen albistegiak arma politiko gisa erabiliz»

Urtzi Urkizu.

Pompeu Fabra Unibertsitateko irakaslea da Monica Terribas (Bartzelona, 1968). Bere elkarrizketek egin zuten ezagun, eta zuzendari izanda ere, elkarrizketak egiten ditu oraindik ere telebistan.

Kazetari zinen, eta zuzendari zara; telebistaren inguruko ikuspegia asko aldatu al zaizu?

Kazetari modura ikuspegi bera dut, edukien gaineko erabakietan kazetari modura jokatzen baitut. Zerbitzu publikoarekiko ditudan sineste sendoak indartu zaizkit. Eta konbentzituta nago bakarrik gure jendearen identitatetik gertu dagoen kudeaketa batek indartu ditzakeela telebistak lurralde geografiko eta sozialarekin dituen loturak. Hori bai, profesional ugariz osatutako talde bat zuzentzeak erabaki batzuk hartzea dakar, kazetaritza arloarekin zerikusi gutxi dutenak. Erabaki horietan, saiatzen naiz edukietan lehentasuna jartzen.

TV3 da itzalaldia izan zenetik ikusle datuetan igo den kate autonomiko bakarra. Nola baloratzen duzu?

Azken bi urteetan galdutako posizioak berreskuratzen saiatu gara. Orduan, TV3 laugarren katea zen. Orain, beste agertoki batean gaude. Pentsatu nahi dut talde osoak lor genezakeela, kontzientzia hartu duelako, saio eta albistegi onekin, generoak orekatuz eta publikoaren aldeko apustuak lehenetsiz. Interes sozialarekin bat eginaz, bide batez.

Kate gehienetan murrizketak egiten ari dira, krisia dela-eta. Zer egoeratan dago TV3?

TV3 gastuak murrizten ari da 2008. urtetik. Arrazionalizatzen saiatu gara, baina horrek ez du esan nahi izpiritu lehiakorra galtzea. Gehiago egin daiteke gutxiagorekin, eta hori demostratu dugu lidergoa berreskuratuz. Oraindik, soldata eta gastuak murrizten ari gara. Baina saiatuko gara horrek ez dezala eragin zerbitzu publikoan.

Kontsumo ohiturak aldatzen ari dira teknologia berriekin.

Gu eduki ekoizleak gara, eta egindakoa telebistan, Interneten eta sakelako telefonoetan ikus daiteke. Baita Ipad-ean ere. 3alacarta (Telebista kartara) gure arrakasten artean dago. Adibidez, Adeu, Espanya? dokumentalak 700.000 ikusle izan zituen telebistan, eta Interneten, 47.000 deskarga.

Nola funtzionatuko du etorkizunean Interneten eta telebistaren arteko harremanak?

Gure gazteek telebista Internet bidez ikusten dute. Euren ohiturak erraztu behar ditugu, baina ahaztu gabe telebistak kontsumo tradizional handia duela oraindik, hedabide sozial eta entretenimendu kolektibo gisa.

Zer garrantzi dute TV3n albistegiek eta dokumentalek?

TV3k Kataluniari buruz hobekien informatzen duen telebista izan behar du, katalanez hitz egiten den herrialdeetaz, baita munduan gertatzen denaz. Ingurune guztietako lehen erreferentzia informatiboa izan behar du. Gure albistegiek egunero %25-30eko share-a dute. 3/24 informazio kanalak %1eko kuotatik gora du batez beste, bere bi lehiakideak gaindituz. Hori lortzen da gizartea behar bezala identifikatuz eta ez albistegiak arma politiko gisa erabiliz.

Duela aste batzuk Adeu Espanya? independentziaren inguruko dokumentala eman zenuten. Nola baloratzen duzu izan zuen oihartzuna?

Kalean gertatzen ari dena islatzen saiatzen gara egiten ditugun dokumentaletan. Dokumentalean independentzia markoak eraikitzeko dauden prozesu demokratiko eta baketsu batzuk erakusten ziren. Eta horrek erantzuten dio testuinguru bati, non gaiari buruzko herri galdeketak egiten ari diren. Harro gaude gaiaren gainean zegoen interesari erantzun diogulako.

Montserrat Armengouren Monarquía o república lana, aldiz, ez zenuten eman. Zein izan zen arrazoia?

Arrazoia da lanak oraindik ez ziola erantzuten TV3k egindako enkarguari, gaian sakontzeko nahia baitugu. Dokumentala egingo da, hori baitzen zuzendaritzaren nahia onartu zenean, baina sakoneko eztabaida politiko bati erantzun behar dio.

Inguruko telebista kateetan zuzendariak ez dira agertzen elkarrizketak egiten. Zuk azkenaldian Montilla eta Zapatero elkarrizketatu dituzu. Elkarrizketak egiten jarraituko duzu?

Sei urtez elkarrizketak egiten aritu nintzen La Nit al Dia saioan. Hauteskunde kanpainetako elkarrizketak ere nik egiten nituen. Kazetaria naiz, eta zuzendaritzatik ere demostratu behar da hedabideak izan behar duen independentzia. Horregatik egin nituen elkarrizketak, eta halakoak egiten jarraituko dut. Iruditzen zait positiboa dela lankideek ikustea zuzendaritzan botere politikotik independienteak diren perfilak markatzen ditugula.

Martxelo Otamendi elkarrizketatu izan duzu. Zer iritzi duzu Egunkaria auziaren inguruan?

Lotsagarria da. Zentzugabekeria bat da hedabide bat ixtea eta handik urte luzeetara onartzea ez zegoela epaitzeko arrazoirik. Badirudi inork ez duela hausnartzen bidegabekeria politiko-judizial horren inguruan.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia