Javier Vizcainok Radio Euskadiko entzuleei agur esango die etzi
22 urtez EITBko irratian lan egin ostean, «zikloa amaitutzat» eman du, eta beste eskaintza bat onartzea erabaki du
Urtzi Urkizu.
DonostiaRadio Euskadik azken bi hamarkadetan izan duen kazetari nabarmenetako batek agur esango die entzuleei asteburu honetan. Javier Vizcaino badoa. Bere kabuz. Hala argitu nahi izan dio BERRIAri: «Nire borondatez erabaki dut joatea, ez dago atzean arrazoi ideologikorik eta ez dut inolako presiorik izan. Are gehiago, zuzendaritza berriarekiko hitz onak baino ez ditut». Dena den, ia 22 urtez EITBko gaztelaniazko irratian aritu ostean, «ziklo bat amaitutzat» emateko unea dela iruditu zaio esatariari. «Duela urtebete joatekotan egon nintzen. Eta egia da une honetan ez dudala neure burua EITBren eskeman ikusten. Baina, horrez gain, esan behar dut azkeneko urtean eskuak libre izan ditudala nahi nuena egiteko».
Radio Euskadi uzteko arrazoietako bat, bestetik, egin dioten lan eskaintza bat da. «Eskaini didatena egiteko gogo handia daukat». Tratuan ari dira oraindik. Eta ez du argitu nahi izan nora joango den.
Asteburu honetako Más que palabras magazineari dagokionez, saio normalak izatea nahi du. «Kolaboratzaile guztiak agurtuko ditut, baina agur diskretu bat izatea nahiko nuke».
Radio Euskadiko zuzendaritza berria iazko udan heldu zenean, Xabier Lapitz izan zen desagertu zen aurreneko ahotsa. Javier Vizcainorena desagertuko zen zurrumurrua zabaldu zen, baina oporren ostean hori gezurtatuta geratu zen. Iazko udan bertan Vicainok bazituen lan eskaintza pare bat, baina Radio Euskadin jarraitzea erabaki zuen. Más que palabras irratsaioarekin 11 denboraldi egin ditu jada, eta orain Radio Euskaditik joateko «abagunea» heldu zaio.
'Cocidito Madrileño'-ren aita
Ibilbide luze eta aberatsa izan du Javier Vizcainok Radio Euskadin ia 22 urte hauetan. Irratira heldu zenean, erredakzioko gazteena zen. Hainbat saiotan ibili zen. Eta duela 11 urte Más que palabras magazinea gidatzeari ekin zion. Saio horren barruan sortutako Cocidito madrileño-n Madrilgo tertuliakideen perlak jasotzen hasi zen, arrakasta handia lortuz. 2003. urtean Foca argitaletxeak liburu bat argitaratu zuen Cocidito-ren pieza onenekin. Antzezlan ere bihurtu zen Cocidito, Glu Glu antzerki konpainiaren eskutik. 2007. urtean Ondas saria jaso zuen Vizcainok, Cocidito madrileño emankizunarengatik. Irrati Berritasunaren atalean saritu zuten.
Azken denboraldian tartea saiotik kentzea erabaki zuen Vizcainok. «Madrilen euskal herritarrok existitzeari utzi diogu, Iparreko gerra irabazitzat jotzen dute», arrazoitu zuen iazko urrian Deia-n. Dena den, Cocidito-tik aparte, elkarrizketa interesgarriak, solasaldi koloretsuak eta kolaboratzaile finak izan ditu magazinean. Halaber, urteotan entzule datu oso onak izan ditu Vizcainoren irratsaioak.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
