Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 14:03

AGENDA;2010-06-24;KOMUNIKAZIOA. Irlen sarea. Greba orokorrarekin konektatuak

Greba orokorrarekin konektatuak

Irlen sarea

Gorka Julio

Euskal Herriko gehiengo sindikalak ekainaren 29an greba orokorra egitera deitu du. Horrekin batera, sarean ere horren inguruko mugimenduak hasi dira. Sindikatu bakoitzak daukan webguneko informazioaz eta egunkari eta hedabideen informazioez gain, herritar talde bat ere antolatu da egun horretan informazioa emateko. Ez da lehenengo aldia, iragan urtean ekimen honek Argia Saria irabazi baitzuen.

Ekimen honen funtzionatzeko era oso interesgarria da, ez bakarrik gai hauetarako, baita beste askotarako ere. Informazio publikoa metatzen duen webgune bat sortu dute: http://greba.euskalherrian.info. Bertan parte hartzeko beharrezko informazio guztia ematen dute. Haien nahia baita greba egun horretan herritarrek sortutako informazioa ahal bezainbeste hedatzea. Koordinatzeko, posta zerrenda (grebaorokorra@lists.hackelarre.net) eta txat (http://hitzegin.euskalherrian.info) bat erabiltzen dituzte. Biak irekiak parte hartu nahi duenarentzat.

Herritarren parte-hartze zuzena sustatu nahi dute. Nahi duenak argazkiak eta bideoak sartu ahal izango ditu, #grebaorokorra eta #e29 etiketa erabiliz. Horrela ondoren YouTube, EuskalTube, Flickr, Argazkiak.org eta halako atarietan errazago topatu ahal izateko. Egun horretan gertatzen dena komunikatzeko, Twitter erabiltzea ere proposatzen dute. Idazten diren mezuak aipatutako etiketekin markatzea eskatzen dute. Horrez gain, bakoitzak dituen blog, sare, webguneak...

Bide hauetatik guztietatik jasotzen den informazioa aipatutako orrialde nagusian ikusteko aukera izango da. Horrekin batera telebista kate propio bat irekiko dute egunean jasotzen diren bideo eta informazioak zabaltzeko. Beste talde batzuekin koordinatuz hedabideek beraiekin batera informazioak zabalduko dituzte. Android sistema eragilea duten mugikorrentzako aplikazio bat ere sortu dute. Sortzen den informazioa sakelako telefonoetatik ere jarraitu ahal izateko.

Sortu den mugimendu honen adibideak beste gauza askotarako balio dezakeela argi dago. Baina, gainera, ez da mugimendu birtuala soilik; oso erreala izateaz gain, deialdi ireki batera ere deitu dute. Deialdi bikoitza da. Ordu berean, 18:30 aldera, Bilbon eta Andoainen, koordinazio bilerak egingo dituzte. Etorkizuneko mugimendu sozialen aztarna besterik ez dira hauek.

gorka@teketen.com

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia