Pizkunde berria
Irlen sarea
Gorka Julio
Industrializazio garaian espezializazio joera handia egon zen. Orain, batzuk Manuel Castellsek definitutako Sare Gizartean bizi omen gara. Oraindik aro industrialeko faktore asko gelditzen diren arren joera berri asko ere agertzen hasi dira. Industrializaziotik jasotako espezializaziorako joera alde batera utzi eta hainbat arlotako jakintza duten pertsonak garrantzia hartu du. Pizkunde garaian bezala hainbat gauza menderatzen dituzten pertsonak edota dena menderatzen ez badute ere elkarlanean aritzeko eta beharrezko dituzten harremanak sortzeko baliabideak dituzten pertsonak.
Oraindik ere lan espezializatuarentzako tokia egongo da, baina gero eta gehiago hainbat arlotako jakintzak biltzen dituzten pertsonak egon beharko dira. Gaur egungo pizkundeko pertsona berriak teknologia, gizartearen ezagutzak, soziologia, biologia, fisika, matematika, politika, ekonomia... jakintzen arteko batura izan daitezke. Pertsona horiek, alde batetik, arazoen aurrean eraldatzeko aukera gehiago dutelako eta, bestetik, gauza berriak hainbat arloek talka egiten duten tokian sortu ohi direlako.
Gaur egun, adibide asko dago. Sorkuntza asko eta asko espezializatu gabeko jendeak sortu izan du. Batzuek sorkuntza amateur bezala izendatu izan dute, gutxietsi nahian edo. Baina askotan, nahiz eta profesionalki lan horretan ez aritu, interes edo jakintza bereziak lortu dituzten pertsonek gauza interesgarriak sortzen dituzte. Adibide polit bat, beste askoren artean, euskal Tokitan.tv WebTBarena da. Bidaiei buruzko bideoblog berria, non Haritz Rodriguezek «abentura handiak bidaiari txikientzat» eskaintzen dizkigun.
Era berean, gero eta sorkuntza gutxiago sozializatzen da unibertsitate eta hezkuntza zentroetatik. Non dago bertan sortzen den guztia? Denok daukagu zerbait eskaintzeko, eta ustez sormenaren katedraletan sortzen den hori guztia zabaltzeko eta sozializatzeko lan gutxi egiten dela uste dut. Unibertsitatea.net gunea bezalako salbuespenak alde batera utziz.
Denok dugu ezagutzaren bat, ez du ezer handia izan behar, baina norbaitentzat interesgarria izango da seguruenik. Horregatik, denok bereziki landu beharreko ezinbesteko arloa harremanak egiteko erraztasuna da. Elkarrekin beti, bakarrik ezin egin daitezkeen gauzak egiteko gai izango gara eta.
gorka@teketen.com
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
