Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 14:01

AGENDA;2010-06-10;KOMUNIKAZIOA. Irlen sarea. Txintxarrisfera, blogak eta garagardoak

Txintxarrisfera, blogak eta garagardoak

Irlen sarea

Gorka Julio

Berrikuntzari buruz asko hitz egiten da gaur egun. Askotan, berrikuntza hori handitasunean oinarrituta egon ohi da. Enpresa handiak, proiektu handiak, etekin handiak... baina berrikuntza, hastapenetan behintzat, gauza txikietan egon ohi da. Pertsona, talde txiki batek ideia bat sortu eta batez ere hobetu eta martxan jartzeko gaitasunean. Berrikuntzaren nire ikuspegia horixe da, txikitik handira eta benetakoa den berrikuntza bat. Etekinak sortzeko gai den berrikuntza, baina etekin horiek ekonomikoak izan beharrik izan gabe.

Berrikuntza soziala bultzatzen duen komunitate hacktibista auto-eratuak dira horren parte. Internetek eta teknologiek ematen dizkieten aukerak erabiliz eta ekinez beren testuingurua hobetzeko gai diren komunitateak. Beren herriarentzat, auzoarentzat, lurraldearentzat edo munduarentzat interesgarriak diren ekimenak sustatzeko gai diren komunitateak. Ezagutza teknologikoa eta mugimendu sozialak elkartzen diren puntuan sortzen diren auzolan komunitateak. Horietan interesgarrienetako bat Txintxarrisfera da.

Txintxarrisfera (http://txintxarrisfera.com), Alegia aldeko blogari komunitate birtuala da. Bertan, Alegia, Ugarte, Bedaio, Altzoko blogariak biltzen dira. Hasieran, bakoitza bere aldetik blog pertsonalak sortzen hasi ziren, eta gero, Txintxarrisfera sortu zuten. Txintxarrisfera orain blogek, wikiak, Txintxarrimedia (sare soziala, 1.000 argazki baino gehiago, 96 bideo, eztabaida ekitaldiak...), Txintxarribista telebistak eta abarrek osatzen dute. Teknologiari esker herri horietan guztietan zeuden dinamikak piztu eta egituratzeko gai izan den komunitate oso bat sortzea lortu dute, alegia. Diruz ordainduta ere, zaila izango litzateke hori lortzea.

Teknologiari esker egituratutako komunitate horiek ez dira soilik birtualak: oso errealak izan ohi dira, eta Txintxarrisferaren kasuan ere horrela da. Ofizialki urtean bi alditan elkartzen badira ere, oso maiz egoten dira, proposatzen dituzten ekimenei esker. Ekainaren 11rako 3. Blogs & Beers ekimen irekia (blogak eta garagardoak) antolatu dute Alegian, 19:30ean. Internetzale euskaldunak biltzeko nahiarekin sortu dute ekimena oraingoan, komunitatea ireki eta beste hainbat pertsonarekin giro atseginean eztabaidatu eta solasean aritzeko. Eztabaida interesgarriak izango dituzte, ziur.

gorka@teketen.com

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia