Wordpressen garai berria
Irlen sarea
Gorka Julio
Blogek bakoitzaren ideiak komunikatzeko aukera eman dute. Blogen eztanda izan zenean, zerbitzu asko sortu ziren; famatua egin zirenetako bat Blogger izan zen (http://blogger.com), gero Googlek erosiko zuena. Horrekin batera eta paraleloan, blogak sortzeko tresnak sortuz joan ziren. Gehien erabilitakoa, Wordpress (http://wordpress.org), software librekoa. Orain Wordpressek bere 3.0 bertsioa kaleratuko du, informazioa publikatu eta kudeatzeko aukera aurreratuak eskaintzen dituena.
Wordpressen bertsio berriak eduki kudeaketako sistema oso (EKS) bilakatuko du orain arte blogak sortzeko zen plataforma. Wordpressen sinpletasuna galdu gabe, blogak sortzeko baino gehiago balioko du tresna horrek aurrerantzean. Pertsona eta erakunde askok blogak sortzeko baino gehiago erabiltzen zuten aurretik: CNN, WST, National Geographic, Coca Cola, Pepsi, Nikon, Nokia... besteak beste. Baina orain benetako komunikazio tresna garrantzitsu bilakatuko da Wordpress.
Eguneraketen artean, menuak pertsonalizatzeko aukera dago. Menu berriak sortu eta webgunearen egituraketa errazago bat lortzen laguntzeko. Mezu mota berriak sortzeko aukera ere badago, orain arteko orrialde eta mezu arruntez gain. Mezu bakoitzak bere ezaugarri, eremu eta forma propioak izan ditzake. Blogen itxura lehenetsia ere aldatuko da. Itxura lehenetsi berria sinplea baina txukunagoa izango da, eta pertsonalizatzeko aukera gehiago izango ditu.
Baina aldaketa garrantzitsuena instalazio bakarrarekin blog bat baino gehiago izateko aukera izango da. Zerbitzari batean Wordpress instalatuta, nahi adina blog sortu ahal izango dira, klik gutxi batzuetan. Horrek erraztu egingo du pertsona bakoitzak eta batez ere komunitate bakoitzak bere blog sarea sortzeko aukera izatea. Horrela bakoitza bere datu eta aldaketen kontrol handiagoa izango du; beste pauso bat subiranotasunean. Baina hasieran esan dugun moduan, Wordpress berria blog sareak sortzeko baino gehiagorako balioko du. Pertsona, talde, proiektu bakoitzak bere hedabide txiki propioa izateko erraztasun guztiak izango ditu. Orain arte, blogen artean sare zabal bat genuen, blogosfera, beren artean elkar ulertzen zuten tresnaz osatua. Blogosfera hori, orain, Wordpress berriari esker, hedabide banatu sendoagoa bihurtuko da.
gorka@teketen.com
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
