Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 13:55

AGENDA;2010-05-23;KOMUNIKAZIOA. Uhinetatik tiraka. Ronaldoren katarroa

Ronaldoren katarroa

Uhinetatik tiraka

Xabier Lasa

Demak +2. Onda Vascak Herri Irratia irentsi osteko euskararen likidaziotik salbatu den bigarren irratsaioa da (gogoratu Testuketan dela bestea). Ander Ugarte azpeitiarrak gidatzen du herri kirolen inguruko saio benetan gomendagarria, Herri Irratian ohi zuen bezala. Igandeetara eraman dute (16:00-17:00). Euskara, asteburuetarako eta soilik euskal literaturaz eta herri kirolez hitz egiteko; eguneroko bizitzarako badugu gaztelera, zertarako besterik?



Lehengo lepotik. Ustez euskal nazionalismoaren hurbilekoa den eta, ondorioz, euskal ohiturak, kirolak... arretaz jorratzea betekizun behar lukeen Onda Vascan integratu arren, lehengo lepotik jarraitzen du La Movida deportiva kirol saioak. Iñaki Mujika eta Juanjo Lusa esaleek koherente izaten jarraitzen dute: errealzaletasun monotematikoa, gipuzkoarrismoa eta Espainiako eliteko kirolekiko atxikimendua. Ez espero inondik ere, herri kirolekin zerikusirik duen informaziorik, ezta titular ziztrin bat ere. Astelehen batean, adibidez, errazago entzungo da horien ahotik Ronaldok katarroa daukala, bezperan jokatu den aizkolarien txapelketako emaitza baino. Ostegunean, urrutira gabe, jokatzekoa zen Real Madrid-Cajasol Espainiako saskibaloiko partidaren kronika luzea egin ziguten, Ettore Messina eta Juan Plaza entrenatzaileen eta Velickovic jokalarien adierazpenak barne; alegia, euskal entzuleontzat hil ala biziko partida zena. Vocentoko prentsak ere ez luke hobekiago egingo. Nekez uler daiteke informazio joera hori Vocento espainolisimoaren alternatiba mediatikoa izateko bokazioa omen duen Noticias Taldearen barnean.



Isilik. CIESen azken datuak jakinarazi dituzte; EITBko orri ofiziala irakurri besterik ez dago ohartzeko RE gainbehera doala Joseba Arruti zuzendaria denetik. Gaztea, Euskadi Irratia eta Radio Vitoriaren emaitza onak aipatzen dira harro-harro orrian, baina RErenak ezkutatzen dizkigute. Iraganean audientzia igoera bizi ohi zuenetan ondo asko gogorarazten ziguten REn etengabeko iragarki arranditsuen bidez, burusoilei produktu magiko ile hazlea saltzeko behar den ahotsa jartzen artista den Felix Linaresen ahotik. Ez da iragarkirik aditu oraingoan; sikiera eskerrak emateko, irratiak azken boladan hartu duen joera gogoko ez izan arren bere entzule izaten segitzen dugun guztioi.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia