Euskara eta itzulpen automatikoa
Irlen sarea
Gorka Julio
Googlek bere itzulpen automatikorako Gtranslate (http://translate.google.com) tresnan euskara alpha (hastapenetan) egoeran sartu du. Horrek esan nahi du orain euskara eta munduko beste hizkuntza askoren artean itzulpenak egin ahal izango direla. Garrantzitsuena da hori hainbat zentzutan egin daitekeela. Hau da, hizkuntza batetik euskarara, baina baita uskaratik beste hizkuntza batera ere. Itzulpenaren kalitateari begiratzen badiogu, tresna ez da oso ona, Googlek estatistikan oinarritutako itzulpenak egiten baititu. Horrek esan nahi du euskarazko edukiak kantitate eta kalitatean izan gabe zaila izango dela guztiz baliagarria den itzultzaile bat lortzea. Googlek berak zuzenean itzulitakoa zuzentzeko aukera ematen digu. Suposatzen da, beraz, Googleren sistema honek gure proposamenetatik ikasiko duela. Baina, bigarren ondorio bat ere atera daiteke, euskarazko itzultzaile on bat izateko edukiak izatea beharrezkoak badira, sortzen jarraitu beharko dugu. Horrek segur aski ez du itzultzailearentzako bakarrik balioko, baina guztiz beharrezkoa izaten jarraituko du.
Itzulpen automatikoaren hariari jarraituz, orain arte gurean proiektu eta enpresa batzuk oso murgilduak egon dira, horietako bat hizkuntzaren prozesamenduaren inguruan lan egiten duen IXA taldea (http://ixa.si.ehu.es). IXAko Gorka Labakarekin hitz egin ondoren, beraiek egindako bidea beste bat dela azaldu digu. Sintaxi azterketan, hau da, esaldien egituran oinarritutako itzulpenak egiteko sistemak landu eta ikertu dituzte batez ere. Etorkizunean ere sistema horiek oso garrantzitsuak izango direla ere aipatu du, euskararen berezitasunak direla eta. Baina beharbada, etorkizunean, bien nahasketatik etor daitezke emaitzarik hoberenak. Behintzat, orain zerekin konparatu izango dutela azaldu du. Edozein kasutan, Googlek emandako pausoa oso interesgarria dela nabarmendu nahi izan du.
Labakak bezala, jende gehienak uste du Googleren pausoa oso garrantzitsua dela. Globaltasunean, lehen 50. hizkuntzen inguruan kokatzen du euskara, eta hori oso garrantzitsua da. Gero eta gertuago dago euskaraz idatzi, eta munduko beste edozein hizkuntzen bidez ulertuko gaituzten eguna. Hala ere, erronkak hor jarraitzen du. Tresna hobeagoak sortu eta hobetzen jarraitu beharko dugu, baina edukiak sortzea gure ardura da.
gorka@teketen.com
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
