Merkatu lokala
Irlen sarea
Gorka Julio
Sare gizarte honetan oso garrantzitsua da ondo kokatua egotea. Mundu fisikoan gertatzen den bezala, digitalean ere guri buruzko informazioa izatea eta ezagutzea garrantzitsua izaten da. Bien arteko uztarketa ere gero eta garrantzitsuagoa da. Hau da, denda bati dagokionez, Interneten erraz aurkitzeko aukera oso interesgarria izan daiteke, jendea erakarri eta saltzeko.
Informazio horiek eskuratzeko erronka gero eta handiagoa da sarean. Sortu berri diren zenbait tresna eta sare sozial informazio hori ematen saiatzen dira. Horrelakoak dira adibidez Gowalla (http://gowalla.com) eta Foursquare (http://foursquare.com) aplikazioak. Interneteko sare sozial horiek batez ere lekuen kokapena eta horiei buruzko informazioa darabilte. Sakelakoen bidez erabiltzen dira, eta aldi oro non zauden adierazteko balio dute. Adibidez, Andoaingo jatetxe batean sartu zarela eta bazkaria gustatu zaizula esan dezakezu.
Tresna horiek eta beste asko interesgarriak izan daitezke baldin eta ezagutzen ez dugun toki batera bazoaz. Bertakoek edota kanpotik etorritakoek lekuei buruz dituzten iritziak ezagutzeko adibidez. Baina interesgarriak badira ere, oso gutxitan izan dezakete bertan bizi direnen ikuspegia. Informazioa edukitzea ez da nahikoa, testuinguru horretan bizi dutenek hau eraldatu eta batez ere bizi dezaketelako.
Hori horrela bada, zergatik ez sortu komunitate hiperlokalak. Negozio horien artean loturak sustatu eta ekonomikoki ere lagungarria izan daitekeen testuinguru digital bat sortu. Bakoitzak bere neurrira, bere komunitatea, bere merkatu txikia ezagututa komunitate horiek sortzeko ahalegina egin. Polita litzateke herriko harategira joan eta zinemarako txartel bat erosteko gonbita egitea, zuzenean herriko pizzeriako eskaria sarean egiteko aukera, nire gogoko jatetxearen menua etxetik aukeratu eta bertaratzean mahai gainean izatea edota menuan eskaini dizkidaten produktuak zein baserritar edo merkatuan eros ditzakedan jakitea.
Fikzio horrek balio du adierazteko digitalak, komunitate lokalen ekonomiari laguntzeko ere balio dezakeela. Interneteko handiek merkatu lokala ere begiz jo dute eta horren bila doaz.
Google Places-ek argi du (http://places.google.com). Mundu digitalean tresna horiek garatzen ez baditugu, besteek egingo dituzte.
gorka@teketen.com
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
