Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 13:54

AGENDA;2010-05-02;KOMUNIKAZIOA. Uhinetatik tiraka. Iraultza Herri Irratian

Iraultza Herri Irratian

Uhinetatik tiraka

Xabier Lasa

Ezusteko lurreratzea. Gauzak egiteko estiloak azpian dagoen mamia ere islatzen digu maiz, eta halaxe gertatzen ari dela dirudi Onda Vascak Herri Irratia irensteko prozesuan. Asteazken-osteguneko kontua izan da lurreratzea, absortzioa kontsumatzea. Herenegun Felipe Retamalek Estibaliz Ortizi egindako elkarrizketa apenas izan den lasaigarri entzule inorentzat. Igartzekoa da irratiko zentralita sutan izango dela bihartik hasita, informazioa eskatzeko, kargua hartzeko, edo ta haserrea helarazteko. Izan ere, lapurrak norberaren etxean sartu eta sukaldean, aldarean bezala jarria zegoen beti-betiko irrati-aparatua lapurtu izan dioten sentipena izango dute hamaika entzule fidelek; diru lapurreta jasan izana baino mingarriagoa eta traumatikoagoa askorentzat, ez izan zalantzarik.



Kortesia eza. Kudeaketa zabar egin izanaren makina bat seinale geratu zaizkigu agerian azken egunetan. Zenbait kaleratu entzuleoi azken agurra antenan emateko betarik gabe joan zaizkigu, urteak eta urteak irratian egin ostean; dolu prozesua modu naturalagoan, gizalegez egitea ere ukatu zaiela dirudi. Karmele Aranburu, ordu erdiko albistegi bat (Euskadin Gaur) pertsona batek nola egin zezakeen aspalditxo erakutsi zigun emakume-orkestra ez zen azaldu ostegun-ostiraleko Berrikerketan-eko tertulietan. Mikel Markezi berri txarra bezperan jakinarazi ziotenez, aurrez berak egindako grabazioa (Aho Bete Hots) entzun besterik ezin izan genuen egin ostiralean. Imanol Ubedak (Kantari) txiripaz egin ahal izan zion kito zuzenean hamaika urteko ibilbideari, eskerrak ordu horretako Juanjo Mendiarazek (Turismo Gastronomico) kale egin eta haren lekua bete behar izan zuen. Egoera absurdoak eragindako emozioak bere baitarako gorde eta gero, oso modu diskretoan esan zuen adio. Besterik da haren saioko deitzaile-jarraitzaile andanak malkoei eutsi ahal izango zion ala ez.



Euskara ere kalera? Kostatzen da sinestea Estibaliz Ortizen ostiral goizeko agindua, HIk euskarari eman izan dion arreta kontuan hartuko dela aurrerantzean, alegia. Kosta sinestea, jakinda azken urtetan irrati horretan euskararen presentzia ez-testimoniala ziurtatzen zuten esale ia denak (Alberto Gorritiberea, Imanol Ubeda, Mikel Markez, Uxue Alberdi eta Oier Guillan) kale gorrian utzi dituztela.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia