Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 13:54

AGENDA;2010-04-30;KOMUNIKAZIOA. 'El Kiosko' kendu eta Xabier Lapitzen saioa entzungo da goizero Herri Irratian. Herri Irratiko hainbat saio kenduko dituzte, Onda Vascako programazioa emateko astelehenetik aurrera

'El Kiosko' kendu eta Xabier Lapitzen saioa entzungo da goizero Herri Irratian

Herri Irratiko hainbat saio kenduko dituzte, Onda Vascako programazioa emateko astelehenetik aurrera

Urtzi Urkizu.

Donostia

Onda Vascako programazioaren osagai garrantzitsuenak Herri Irratia entzuten den AMko 1224 frekuentzian zabalduko dituzte astelehenetik aurrera. Xabier Lapitzek goizeko 07:00etatik 11:00etara egiten duen Euskadi hoy irratsaioa, esate baterako, Donostian bi frekuentziatan entzungo da: Onda Vascakoan -FMko 95.6an- eta Herri Irratikoan. Ondorioz, Donostiako Herri Irratian egiten zuten El Kiosko magazine informatiboa kendu egingo dute. Karmele Aranburuk gidatzen duen Berrikerketan saioko goizeko tertuliak ere ez dira datorren astetik aurrera entzungo.

Martxoaren 25ean hartu zuen Noticias taldeak Herri Irratia-Loyola Mediaren kudeaketa. Akordioaren berri eman zutenean, iragarri zuten hasiera batean bere hartan utziko zituztela irrati bakoitzaren frekuentziak eta programazioa. «Eta, ondoren, asmoa da Herri Irratiaren eta Onda Vascaren erreferentziazko produktuak batuko dituen eredu baterantz pausoak ematea», azaldu zuten prentsa oharrean. Denboraldi honetako Herri Irratiko programazioa ekaina arte mantenduko zutela esan zieten langileei. Baina aste honetan heldu dira Onda Vascako arduradunak Donostiako egoitzara, bat-batean aldaketak egiteko. Hartara, Herri Irratiko langile eta kolaboratzaile batzuek ez dute lanean jarraituko. Eta beste batzuei lanean jarraitzea eskaini diete, baina beste ordutegi eta betebehar batzuetan. Izan ere, Onda Vascako erreferentziazko produktuak emititzeko, kendu egingo dituzte Herri Irratiko hainbat saio.

'La porrusalda'-k jarraituko du

Onda Vascako Euskadi hoy emango dute Herri Irratian, 07:00etatik 11:00etara. Ondoren, 11:00etatik aurrera deskonexioak izango dira, herrialdeka -Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban-. Herri Irratian bertan denboraldi honetan Iñaki Mujikak egiten duen La Porrusalda-k jarraipena izango du, 11:00etatik 14:00etara.

Arratsaldetan, Onda Vascaren La tarde en Euskadi entzun ahal izango da 17:00etatik 19:00etara, Begoña Beristainen eskutik. 20:00etatik 23:30era, berriz, orotariko albistegi bat egingo dute, lehendik Herri Irratian zeuden langile batzuen eta Onda Vascako kazetarien artean. Kirola, kultura, albisteak eta solasaldiak izango dira programa horretan. Segidan, 23:30etik 00:30era, kirolen tartea izango da. Eta 00:30etik 03:00etara, La última seducción programa berreskuratuko dute, Jon Martijarekin. Martijak berak hainbat urtez egin zuen irratsaio hori, gauez. Denboraldi honetan arratsaldetan ari zen Martija, 16:00etatik 18:00etara.

Asteburuetako hainbat saio kendu egingo dituzte, tartean Esther Esparzaren Toda una vida.

'Ahobete hots'-enak egin du

Euskarari lekua egin izan dio Herri Irratiak, 1961ean sortu zenetik, eta, egun, programa batzuk euskaraz entzun zitezkeen. Hemendik aurrera, ordea, Herri Irratiko sintonian euskarak askoz tarte txikiagoa izango duela jakin du BERRIAk.

Azken urteetan Mikel Markezek gauero ahozkotasunari zabaldu dio leihoa Herri Irratian, Ahobete hots irratsaioarekin. Atzo jakinarazi zioten Markezi programak ez duela jarraituko. Eta, horrenbestez, gaur gauekoa izango da agurreko saioa -grabatuta dauka, Joxe Mari Carrereri egindako elkarrizketa batekin-. Urteotan, Markezek antzerkiari, kantuari, bertsolaritzari eta ahotsari egin dio lekua, euskaraz.

Loiolako emisoran larunbat goizetan Alberto Gorritiberak euskaraz egiten duen saioa ere kendu egingo dute.

Euskarazko beste saio batzuen etorkizuna zein den datozen egunetan jakingo da.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia