Facebook F8
Irlen sarea
Gorka Julio
Facebookek bilkura egin berri du San Frantziskon. Bertan Facebooken aldaketa eta berrikuntza berriak proposatu ditu. Era berean, munduan askok erabiltzen duten Interneteko sare sozial honen inguruko oihartzuna lortu du. Ez naiz inoiz beldurra sartzearen aldekoa, baina Facebookek daraman bidea ez da batere garbia.
Facebookek gure perfilak osatzeko informazio gehiagoren bila dabil. Orain Open Graph eta Facebook Connect-en hobekuntzarekin hau Interneteko sare sozialetik kanpo ere lortu ahal izango du. Teknologia hauek integratzen dituzten webguneetara gure Facebook kontuan izena emanda sartzen bagara, hauek gure perfiletako informazioa eskuratu ahal izango dute. Gainera, Facebookek berak ere gure historikoaren informazioa erabil dezake publizitate zuzendua bidaltzeko. Noski, aukera hauek segur aski murriztu daitezke, baina jende gehienak ez du egingo.
Hala ere, niretzat okerrena ez da hori, baizik eta jende askorentzat Internet eta Facebook sinonimoak direla pentsatzea. Facebooken egin dutena estandar libre eta irekiekin egin zitekeen. Baita kontrol zentralik gabe ere. Hau da, beraiek kontroletik igaro gabe. Ez dute horrela nahi izan, eta gero eta gehiago askorentzat Internet mugatuta dagoen esparru bat bihurtzen ari da.
Horren trabak pribatutasunaren arlokoak asko badira ere, psikologikoak ere garrantzitsuak dira. Facebookek eskaintzen diguna edo bertan egin daitekeena jende askok muga gisa ikus dezake. Esperimentatzeko, sortzeko, tresna eta ekimen propioak egiteko aukerak ez ditu ezagutuko ere egingo. Horiek garatzeko esparru naturaltzat izango dute Facebook, eta, beraz, horren barnean bakarrik geldituko dira.
Internet bera da sare sozial handiena. Hipertestua asmatu zenetik, pertsona bat eta beste bat aske lotzeko aukera sortu zen. Hori iraultza handia izan zen. Horretaz jabetu zirenek izan dute azken urteetan arrakasta, Googlek kasu. Honek hasieran behintzat argi zuen Interneteko oinarri etikoekin bat etorri behar zuela. Nahiz eta hau ere asko aldatu den, hor dago Don't be evil (ez izan maltzurra) esaldia. Facebookek ez du horrelakorik ere. Zure perfila nahi dute, zure gogoko gauzak, zure harreman sarea, eta gero eta errazago izango dute. F5 teklari eman beharko diogu, Internet urteetan izandako etikara bueltatzeko.
gorka@elurnet.net
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
