Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 13:49

AGENDA;2010-04-08;KOMUNIKAZIOA. Irlen sarea. 'Ta ezer ez da berdin'

'Ta ezer ez da berdin'

Irlen sarea

Gorka Julio

Gauzak asko aldatzen ari dira. Hori horrela izanik ere, eta horretaz baliatuz, askotan gauzak puztu egiten dituzte batzuek. Sare sozial birtualekin gertatzen ari dena oso garrantzitsua da, baina zenbaki handiz jantzitako gauza asko ez dira hain handiak, edo, handiak izanda ere, ez dira garrantzitsuak.

Enpresek, elkarteek, erakundeek eta pertsonek askotan Interneten ere beren marka, proiektuak, produktuak... ezagutarazi nahi dituzte. Horretarako, zenbait ekimen aurrera eramaten saiatzen dira, baita Interneten ere. Baina Interneten era ezberdinetara jardun daiteke. Deugarte.com blogean, horren inguruko irudi interesgarri bat aurkitu dut. Piramide batek oinarritik puntaraino Interneten jarduteko erak adierazten ditu, balioaren arabera txikitik handira sailkatuz.

Oinarri-oinarrian ezagutza dago. Gure marka edo enpresa ezagutzea. Orain arteko publizitatearen bidez lor daitekeen maila da. Erabiltzaile edo bezeroarekiko harreman gutxiko jarduera. Ondoren atxikimendua dator. Proposatzen dugun kanpaina, produktu, zerbitzu bati erakusten zaion atxikimendua. Hori lortzeko, Interneten Facebook bezalako sare sozial birtualek balio dezakete. Baina, gurekin harremanetan dauden pertsonekin erlazio gehiago nahiko bagenu, parte-hartze formulak proposatu beharko ditugu. Iruzkinak uzteko aukera ematen duten zerbitzuak, webguneak, foroak eta abar dira tresna arruntenak. Fase honetan jada jendearen parte-hartzea zuzenagoa da.

Hurrengo saltoa elkarrekintza litzateke. Maila berean, erabiltzaile, bezero eta gure arteko harremana bidirekzionala litzateke. Era honetakoak izan ohi dira blogen artean sortzen diren eztabaidak. Hori konpromiso publiko konkretuak eta elkar ulertze berezia bilakatu ohi da.

Fase honetara iritsita eta egoera honek irauten badu, identitate komunak eta komunitate izaera agertzen hasten da. Hau da, garrantzitsuena eta gurekiko harreman maximoaren adierazlea. Horregatik, komunikazio eta marketin enpresek Interneteko kanpaina asko Facebooken edo beste sare sozial birtualetan dituzten «lagun» kopuruaren arabera neurtzen badituzte ere, atxikimenduaren fasean gelditzen dira. Komunitate erreal txiki batek zenbaki handi horiek guztiek baino askoz gehiago balio duela konturatu gabe.

gorka@teketen.com

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia