Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 13:48

AGENDA;2010-04-01;KOMUNIKAZIOA. Irlen sarea. Azken hamarkada

Azken hamarkada

Irlen sarea

Gorka Julio

Etengabe etorkizunari begira egoten gara, baina askotan gelditu eta atzean utzitakoari begiratzea ere komeni da. Interneten aldaketak hamarkadaka neurtu izan dira.

Azpiegiturara begiratuz, banda zabala eta WIFI sareen sozializazioa izan dira gauzarik garrantzitsuenak. Lehenengoek posible ez ziren gauza asko posible egin dituzte; HD bideoak ikusteko aukera, adibidez. Bigarrenek Internet askoz leku gehiagotatik erabiltzea lortu dute.

Tresnen aldetik, blogak eta haien artean sortzen den eztabaida eta parte-hartzea sustatzeko sareak izan dira garrantzitsuena. Blogosfera, hedabide banatu eta parte-hartzaile sortuz. Eztabaidak gauzatu eta momentu batzuetan agenda publikoa ere baldintzatzea lor dezakeen hedabide bat. Blogekin batera, batez ere beste tresna batzuen sozializazioa gertatu da. Jarioek, adibidez, hainbat iturritara harpidetzeko aukera ireki dute. Baita bakoitzak bere informazioa igorri eta gero informazio hau batzeko aukera ere.

Komunikazio pertsonalaren esparruan, aukera gehiago ireki dira. Posta elektronikoa, tresna asinkrono eta pribatua izateari eutsi dio. Gainera, berrikuntzak ere izan ditu; IMAP protokoloaren erabilera, kasu. Baina horretaz gain, berehalako mezularitzaren arrakasta etorri zen. Berehalako komunikazio, sinkrono pertsonala egiteko erabiltzen da hau. Baina, horretaz gain, azken garaien genero berri bat ere agertu da. Berehalako mezularitza asinkrono soziala bezala definitu daitekeena. Twitter da horren adibide garbiena.

Enpresei begiratuz gero, Googleren hamarkada izan dela argi dago. Bere bilatzailetik abiatu, eta posta elektroniko, berehalako mezularitza, dokumentuen kudeaketa, egutegiak, bideoa... esparru guztietan sartu da. Beti informazioa eskuratzeko nahiarekin, ondoren publizitatea Adsense bidez saltzeko intentzioarekin. Zenbait momentutan pribatutasuna ere zalantzan jarrita.

Baina aldaketa garrantzitsuenetako bat software libreak izandako eztanda izan da. Zerbitzarietan batez ere, baina mahaigaineko ordenagailuetan eta eramangarrietan ere aukera handiak ireki dituzte. Software libreari esker, pertsona, talde eta enpresa txikiek ere beren tresna propioak sortu ahal izan dituzte (beste batzuk oinarri hartuta) eta ekonomikoki ere egingarriak izan dira gauza asko.

gorka@teketen.com

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia