Facebook Googleri gailendu zaio?
Irlen sarea
Gorka Julio
Aurreko asteko albiste garrantzitsu bat izan da Facebookek Googleren bisita kopurua gainditu duela. Zehazki, Hitwise-ren artikulu batek esaten du Facebook orri bisitatuena izan dela AEBetan. Dirudien bezain garrantzitsua al da hori? Nire ustez, ez askorik.
Neurketan ez dira Googleren beste tresna guztiak kontuan hartu, eta, beraz, datua haren bilatzaileari bakarrik dagokio. Gmail, Youtube, Google Apps... eta beste aplikazio guztiak azterketatik kanpo gelditzen dira, beraz. Aplikazio horiek guztiak kontuan izango bagenitu, Goo-gle izango litzateke irabazle argia.
Facebook eta Google bilatzailea webguneak dira, baina zerbitzuak, erabat ezberdinak. Googlek bilaketaren bidez nahi dugun hori bilatzeko aukerak errazten dizkigu, bere algoritmo misteriotsuari esker. Beraz, trafikoa beste helbide batzuetara eramaten du. Facebook, berriz, sare sozial bat da, eta haren baitan elkarrekintza gehiago izaten dira.
Ikerketan nabarmentzen den datu bat, hala ere, oso deigarria egin zait. Facebooken erabilpena %185 igo da aurreko urtearekin konparatuz. Datu garrantzitsua dudarik gabe, Facebook asko orokortu den seinale. Baina Google bilatzailea aldi berean %9era igo da; beraz, jada liderra zen bilatzaileak ez du atzerapausorik egin, eta orain liderragoa da.
Hala ere, garrantzitsuena ez dago datu dantza horretan, baizik eta atzean dauden logiketan. Alde batetik, sarean fenomeno berriak agertzen direla erakusten du. Facebookek arrakasta handia lortu du. Baina logika ezberdinak ere badaudela erakusten digu. Googlek logika deszentralizatzaile bat darabil, momentu batzuetan banatua izatera ere iristen dena. Hau da, iristen zaion trafikoa, bilatzaileen emaitzen bidez beste leku batzuetara bideratzen du. Horri kontrajarria edo, logika zentralizatzaileago bat Facebookena. Sare sozial horretan gertatzen diren elkarrekintza guztiak barnean gertatzea bilatzen duena. Bere barne hesiaren barnean dagoena babestuz.
Momentu honetan Facebooken logikak funtzionatu badu ere, ez da Internetek sorreratik izan duen filosofiarekin guztiz bateragarria. Uste dut Facebooken erorketa hasten bada igoera bezain azkarra izango dela. Internetek irekia eta ahal bezainbeste banatua izateko eginda dago, eta hori Google handiak ere badaki.
gorka@teketen.com
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
