Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 13:41

AGENDA;2010-03-18;KOMUNIKAZIOA. Irlen sarea. Eskola digitala

Eskola digitala

Irlen sarea

Gorka Julio

Eskola 2.0 entzuten dugu maiz. Gure eskoletan sartuko diren ordenagailu eramangarri txikiek eta horiek ekarriko duten aldaketaz hitz egiten digute. Horretarako noski tresnez gain, edukiak ere beharko dira. Gehiago ere esan daiteke, momentua izan daiteke tresnez eta edukiez gain metodologia batzuk ere aldatzeko.

Eskolaren digitalizazioarekin batera, ia lehenengo aldia izango da, denon artean euskarazko materialak sortu ahal izango dituguna. Orain arte, editorial batzuen eskuetan egon dena, denon artean ere egin dezakegu. Digitalak, banaketa kostua desagerrarazten du eta ekoizpen kostua, denon artean bana dezakegu. Editorialak mundu honetan beste agente bat izan daitezke, baina beste bat bakarrik. Nahi izanez gero, denon artean eskolarako euskal edukien biltegi bat sor dezakegu. Beharbada iraultzailea, utopikoa, inuzentea naiz. Baina jada badugu horrelako bat, Wikipedia hain zuzen ere.

Edukiak garrantzitsuak badira ere, Eskola 2.0 ekimenak zerbaiterako balio behar badu, orain arteko ereduak aldatzeko izan behar du. Ez da erraza izango, irakasleek ere egoerara egokitzeko denbora bat beharko dute. Horretaz gain, ikasgeletako zenbait gauzatan beraiek baino gehiago dakiten ikasleak egongo dira. Horregatik hauen paperak ere aldatzen joan beharko du. Alde batetik, gidariak izan beharko dira eta bestetik komunitate baten kudeatzaile lanak egin beharko dituzte. Komunitate hori ikasgela izango da eta bertan dauden ikasleen arteko elkarlana sustatzen eta kudeatzen izango dute lan nagusia.

Digitalizazioak, ikasle bakoitzari, ikasketa prozesua pertsonalizatzeko bidea ere irekiko dio. Iniziatiba eta gogoak dituzten ikasleek beren kabuz gauza berriak ikasteko eta sortzeko aukera izan dezakete. Interneten bezala, kontzeptu bat ezagutzen ez baduzu, klik batekin horretan sakontzeko aukera izango dute. Ikasketa prozesua ez du lineala izan behar, nahi ez duenarentzat. Noski horretarako ikasleei hori egiteko aukera eta grina komunikatu beharko zaie. Aukerak eta arriskuak hor daude. Arrisku nagusietako bat, tresnak aldatuta, ereduak berdin jarrai dezakeela pentsatzean datza. Eduki aldetik, editorialen monopolioa. Irakasleen aldetik, irakasle magistralaren figurak jarraitzea. Ikasleen aldetik, iniziatiba gabeko ikasleak sortzen jarraitzea.

gorka@teketen.com

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia