Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 13:40

AGENDA;2010-03-11;KOMUNIKAZIOA. Irlen sarea. Telebista-Internet-Telebista

Telebista-Internet-Telebista

Irlen sarea

Gorka Julio

Ikus-entzunezkoen mundua aldaketa sakonak jasaten ari da. Horietako asko Internetek eragindakoak badira ere, LTDak ere aldaketak ekarriko ditu esparru honetara. Ikus-entzunezkoetan ezagunak diren hedabideek, moduek eta joerek, Interneten aukera berriak aurkitzen ari dira.

Internetek era honetako komunikabideei, beren edukiak hedatzeko aukera ematen die. Adibidez, telesailak Interneten aurkitzea gero eta ohikoagoa da. Batzuetan, telebistako arduradunek jarrita, baina, horiek egiten ez dutenean, norbaitek jarrita.

Edukien aldetik, telebista arruntek Interneten pilulak ere garrantzitsuak direla ulertu beharko dute. Gehienez 4-5 minutuko bideo txikiak. Interneterako egindako edukia, batez ere horrelakoa izan behar du. Nahiz eta telesail edo film osoak jartzeak ere zentzua izan dezakeen.

Baina Internetek ikus-entzunezko mundu ezagunari aukera berriak emateaz gain, ate berriak ere ireki ditu. Kontsumoaren globalizazio fenomeno bat ere ekarri du. AEBetako Lost telesaila, adibidez, ingelesez egun batean atera eta hurrengo egunean hainbat hizkuntzatara azpidatzita dago. Ez telesail horren arduradunek eginda, baizik eta jendeak horrela nahi izan duelako. Fenomeno hori gertatzen da inguruan komunitate bat biltzea lortu duten produktuekin, Interneteko laguntzaz egituratzeko aukera izan dutelako. Beste fenomenoetako bat jendeak egindako telebista banatu, mugikor eta iragankorra da. Hau da, sakelako batetik edota webcama duen eramangarri batekin, zuzeneko telebista bat sortu eta antolatzea. Telebista hori pertsonala edo talde batek sortua izan daiteke. Beharbada jarraipen bat izateko ideiarekin, baina, normalean, momentuan gertatzen den horretarako sortua eta ondoren sortu den bezala desagertzeko pentsatua.

Bi munduak uztartzen diren gunea parte-hartzea da. Orain arte telebista norabide bakarrekoa izan bada ere, orain jendearen parte-hartzea bilatu beharko du. Saretik datozen ekimenek, berriz, betiko telebistarekin nola uztartu. Alde horretatik, interesgarria da 11 Telebistarako sortu den Albisteak 2.0 ( http://albisteak.euskalherrian.info) Interneteko formatuan pentsatuta, baina telebistaren tresna eta hizkuntzak ere kontuan hartuta. Garrantzitsuena, sarea parte-hartzea sustatzeko erabiliko dute.

gorka@teketen.com

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia