Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 13:39

AGENDA;2010-02-25;KOMUNIKAZIOA. Irlen sarea. Blogosferako turistak

Blogosferako turistak

Irlen sarea

Gorka Julio

Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak turistak erakartzeko kanpaina berritzaile bat abian jarri nahi du. Kanpainaren barnean, eragina duten zenbait blogari kontratatu nahi dituzte, zenbait ekitaldi eta leku promozionatu nahian. Oso positiboa da Eusko Jaurlaritza Internetek gai hauetan duen eraginaz konturatzea. Baina, aldi berean, sarean duten gabezia era artifizial batean, blogari batzuk diruz kontrataturik, bete nahi dutela erakusten dute. Blogosferan turistak beraiek direla eraku-tsiz.

Oso ohikoa da pentsatzea eragin handiena duten blogariak gure mezuak errazen garraiatzeko aukera ematen dutenak direla. Baina, blogosferaren egiturarengatik, elkarrizketak blogez blog, mezu eta erantzunen bidez ematen dira. Beharbada, blogari horren eragina bere gertuko sarean gelditzen da. Horrenbestez, ez du mezua sare horretatik kanpo eramango.

Hori blogosfera sare banatu bat delako gertatzen da, zentrorik gabeko sare bat. Bertan konexio hobeak dituzten pertsonak badaude ere, mezua edozein zirrikitutatik igaro daiteke. Ustez garrantzi handia ez duen blog bateko aipamen batek, adibidez, aldaketa handia sor dezake.

Horretaz gain, blogosferan partekatutako «kode etiko» bat ere badago. Zintzoki jokatzea eskatzen da. Idazten duen pertsonak iritzia botatzen du eta duen sinesgarritasunagatik da garrantzitsua. Horregatik ordainketa, horren aurka jo dezake. Berez, ez dago arazo handiegirik eta blogari bakoitzaren eskuetan geratzen da egitea edo ez. Baina betiere iritzia bideratzeko saioak gaizki ikusiak izan daitezke.

Nik beste era batean planteatuko nuke. Gai hauen inguruan interesa erakutsi duten blogariak topatuko nituzke eta informazioa zuzenean eskaini. Batez ere etortzeko joera izan dituzten kolektiboen artean. Haiekin era zuzenean eztabaidatu eta interesatzen zaizkien gauzak ezagutu ondoren kanal berriak irekiz. Era berean, orain arte etorri direnen iritziak jasoko nituzke, hausnartu eta hobetzeko aukerak ikusi. Eduki txukunak sortzen edo sortutakoak biltzen ere saiatuko nintzateke. Baina, batez ere, eta blogek sortzen duten eztabaidan parte hartu nahiko banu, beste baten moduan elkarrizketan murgilduko nintzateke; berdintasunez eta zintzoki. Prest daude horretarako gure agintariak?

gorka@teketen.com

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia