Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 13:39

AGENDA;2010-02-23;Film kritika Sei Dylan, hamaika film

Film kritika

Sei Dylan, hamaika film

Gontzal Agote

Clint Eastwoodek Charlie Parkerren azken egunak filmatu nahi izan zituenean, arazo potolo bati egin behar izan zion aurre: nola eraman jazz musikaren erritmo eta egitura film batera? Azkenean, Julio Cortazarren bidetik segituta, zinemagile azkarrak jakin izan zuen pelikula jazz doinu baten gisan antolatzen. 22 urte geroago Bird-ek behin eta berriz ikusi behar den maisulana izaten segitzen du.

Todd Haynesek ere tamainako erronka izan zuen Bob Dylanen bizitzari -garai labur bati- heltzea erabaki zuenean. Bi aukera garbi zituen: ohiko bideetatik jo, eta, nola edo hala, pelikula konbentzional bat osatu; edo filma artistaren nortasun eta ezaugarrietara egokitu, zerbait berria saiatu. Zorionez, Haynes ez da erosotasunaren oso lagun, eta azken bidea aukeratu zuen. Horri esker, I´m Not There filmean azalak eta mamiak bat egin dute erabateko sintonian, musikaren inguruko "beste" pelikula bat izaten ahal zena maisulan bihurtuz, biografia filmatuetan beste bide bat zabalduz.

Zuzendaria eskuzabala da oso, eta pertsonaiarekin gertatzen den bezala, ez da bat, hamaika dira barnean dauden pelikulak: biopic-a, dokumental faltsua, bideoklipak, bideoartea... Kontaezinak dira bi ordu luzean narrazioak irekita uzten dituen ateak. Segitzeko ia ezinezkoa den narrazio hautsia, ezin hobekiago egituratua. Pelikula handi gehienekin gertatzen den moduan, lehen ikustaldia ez da aski I´m Not There filmak ezkutatzen duen guztia harrapatzeko, hain da trinkoa, oparoa, aberatsa.

Errazkeria litzateke honakoa Bob Dylanen gaineko biografia bitxi batera mugatzea. Beharbada hasierako helburua horixe zen, baina filma askoz gehiago da. Hamarkada baten kronika musikatua, ospearen zamaren inguruko hausnarketa zorrotza, musikari eta arteari egindako maitasun aitorpen ederra...

Era berean, Dylanen gainean dago foko nagusia. Baina ez da "dylanesque" bat. Errespetutik eta mirespenetik, Haynes ez da idolatria merkean eroriko, hasierako heriotzatik argi utziko du ez duela gurtzeko tenplo berria eraiki nahi. Ez da Dylan, Dylanak dira. Gaindiezina Cate Blanchett; bikainak beste guztiak.

Ez da Dylan, beste asko dira: Joan Baez, Allen Ginsberg, Felliniren Otto e mezzo (Zortzi t´erdi), The Rolling Stones, J.F.K., Norman Mailer, Richard Lester eta Liverpooleko laurak, Sam Peckinpah, Black Panthers... Koadro handi, erraldoi bat da I´m Not There, eta horren erdian Dylan kantari txiki bat besterik ez da.







I'm Not There

AEB, 2007. Zuz.: Todd Haynes. Akt.: Christian Bale, Cate Blanchett, Charlotte Gainsbourg, Richard Gere, Heath Ledger, Julianne Moore, Michelle Williams. 135 min. Gasteiz (Florida, Yelmo Gorbeia), Bilbo (Multi, Renoir), Basauri (Bilbondo), Getxo (Lauren), Donostia (Principe), Iruñea (Golem Yamaguchi), Viana (Las Cañas).





© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia