Film kritika
Esperantza ezera kondenatua
Gontzal Agote
Ohartarazi zuten, baina ez genien seinaleei kasurik egin. Segitu genuen errusiar erruletan jokatzen, haur jolasa balitz bezala. Etorkizun bakarra, egutegiaren hurrengo orrialdea zen, arbasoek utzitako altxorra ez zuen jada balio. Dena zuen prezioa, dena hartzen ahal zen, paradisuko sagar ustel horren moduan. Gero eta azkarrago, gero eta gehiago, norabide bakarreko errepidean.
Bat-batean amaitu zen. Dena ilundu, grisa bihurtu paisaia, kobazuloetara itzuli gizakia, munduarekin eta animalia guztiekin etsaitu. Bereziki, bere gisakoekin. Beldurra, gosea eta etsipena nagusi egin ziren. Nora ezean ibiltzea zen aukera bakarra, nora jakin gabe, berriro hastea ahalbidetuko zuen ari izpi baten bila.
Cormac McCarthyk ez zuen The Road liburu zirraragarrian itxaropenerako tarte batere utzi. Istorio lehor, gordin, lazgarria da. Ez du zergatia azaldu beharrik, norberak atera behar ondorioak, dela eztanda nuklearra, dela ama lurraren mende- kua. Ez da (apenas) iraganik, eta etorkizuna beltza da oso. Errepide baten jiran, hil behar duela ongi dakien aita, otso bihurtuta. Ondoan, gutxieneko moralari eutsi nahi dion semea, mundu berri horretara ohitu nahian, beharbada arkadia berria eraikitzen hasten ahal den bakarra.
Ez zen batere erraza idazlearen deskribapen poetikoak eta elkarrizketa laburrak irudietara eramatea. John Hillcoatek erronkari heldu eta, deus asmatu gabe, espero baino txukunago atera da atakatik. Aita-semearen arteko harremanetik abiatuta, apokalipsi osteko zertzelada gutxi batzuk bildu ditu zuzendariak, McCarthyk marraztutako bidetik gehiegi aldendu gabe, lehor, hotz. Jakinik ez zuela jatorrizkoa hobetzerik, zintzoa izan da egokitzapenean.
Liburutik pelikularako bidean, beharbada, musikaren erabilera da jokoz kanpo dagoen elementu bakarra. Halako kontakizun biluzi eta gogorrak ez zuen irudien narratiba indartzeko pentagramaren beharrik, mundu hits hori errealago zatekeen isiltasunean, naturaren soinu mehatxagarriak bidelagun. Hori orekatze aldera, Viggo Mortensenek borobilduko du bere interpretazioa, aita desesperatu zein animalia izutuaren roletan.
Ez da esperantzarik. Ez itsasoak, ez inork. Oesterheld eta Solanoren Eternauta haren osagarri da McCarthyren errepidea. Elur maluta hilgarrien ostean, bide bakarra geldituko da. Kondenatuek etengabe ibili beharko dute, hozturik, goseturik, izuturik.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
