Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 17 - 02:28

AGENDA;2010-02-11;KOMUNIKAZIOA. Irlen sarea. Buzz

Buzz

Irlen sarea

Gorka Julio

Gure informazioa, ditugun kontaktuak, trukatzen ditugun argazkiak... Hori dena kontrolatzeko grina gero eta handiagoa da. Horrela bakarrik uler daiteke Googlek orain arte Twitterrek eta Facebookek egiten zutenaren antzeko zerbait kaleratzea: Buzz, http://buzz.google.com. Horrek batez ere Facebooki eragiten dio, lagunekin, ezagunekin eta kontaktuekin informazioa, irudiak eta halakoak trukatzeko zerbitzua baita. Horretarako, Gmail tresnaz baliatu da Google, eta gure lehen kontaktu gisa, automatikoki, posta elektroniko bidez gehien kontaktatu ditugun pertsonak sartzen ditu. Noski, horren ondorioz, zenbait pertsona haserretu egin dira.

Orain arte posta elektronikoak bakarrik zeuden tokian, beste pertsona horien informazio jarioa ere agertuko da. Beste zerbitzu batzuetako informazioa ekarri eta partekatu daiteke, gainera; Flickr, Picassa, Twitter bera ere ekar daiteke. Oraindik behintzat norabide bakarrean, hau da zerbitzu horietatik Buzzera. Informazio horiek elkarrizketa bat sortzeko aukera ematen dute; alde horretatik, interesgarria izan daiteke. Nolabait, Googlek berak ateratako Wave tresnaren zenbait traza ikusten zaizkio zerbitzu berriari.

Googlek gure kontaktu informazioa produktu berri bat ateratzeko erabiltzeak ez liguke harritu beharko. Aurretik ere egin izan du, Google Talk tresnarekin adibidez. Alarmak aspaldi egon beharko lirateke piztuta. Esperimentatzea beti da zilegi, horrela ezagutzen baitira tresna guztien aukerak. Baina argi dago Googlek informazio hori eskuratzeko beharra sentitu duela. Orain publizitatea saltzeko izango da, trukatzen ditugun argazkietako informazioa hartu eta horri buruzko iragarkiak erakusteko adibidez. Etorkizunean zer izango den ez dakigu. Ohar orokor moduan, ez jarri Interneten ezagutzera eman nahi ez duzun ezer.

Informazio zatikatze handia honetan blogosfera eta blogek sortzen zuten elkarrizketa sakonago eta independente baterako esparrua gero eta murritzagoa da. Sare sozial birtualek osatzen duten esparru kontrolatuagoetara igarotzen ari gara. Baina, aldi berean, bere bloga mantentzen duten pertsonek edo taldeek gero eta indar handiagoa izan dezakete iritzi-emaile modura. Horiek izango baitira diskurtso eta jarrera orokorretik kanpo beste ikuspuntu bat eman ahal izango duten bakarrak.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia