Berria.info

Ostirala, 2010ko martxoak 19 -

2010-02-04

iPad

Irlen sarea

Gorka Julio

Apple enpresak iPad-a (http://www.apple.com/ipad/) aurkeztu zuen iragan astean. iPad-a ingelesez touchpad bat dela esaten da. Hau da, pantaila ukigarria duen teklaturik gabeko ordenagailu eramangarri bat. Aspalditik ezagutzen dira horrelako gailuak, baina Applek ezaguna den diseinu, estetika eta propagandaz josi du gailua. Hala ere, oraingoan ezberdina izan da. Orain arte bere jarraitzaile sutsuak izan diren informatikari aditu askok kritikatu dute, eta, aldiz, nolabait teknologia atsegin baina askorik erabiltzen ez dutenen laudorioak jaso. Apple bere merkatua gehiago zabaltzen saiatzen ari dela dirudi.

iPad-az espero ziren gauza asko ez dira bete. Haren sistema eragilea iPhone ezagunean dagoenaren oso antzekoa da. Telefono batentzat ondo egon daiteke, baina lau aldiz telefono baten pantaila bat duen gailu batentzat, beharbada, gutxiegi da. Kamera edukitzea ere espero zen, eta orain arte erakutsi dutenagatik, gailuak ez du kamerarik izango.

Honekin egin nahi izan duten gauza bakarra merkatuan kokatzea izan da. Era honetako gailuen merkatuan sartzea. Zerbaitetan adituak badira, irudia saltzen dira. Horretan, behintzat, helburua lortu dute. Denok hitz egin dugu iPad-ari buruz, ondo edo gaizki; egunkarietako orriak oparitu dizkiogu, baita telebistako minutuak ere. Honetan okerrenak albistea bakarrik, Applek diseinatutako kanpainaren kalko bat egin dutenak izan dira. Zentzu kritiko minimorik gabe, gauza on eta txarrak azaldu beharrean, kopiatu eta itsatsi besterik egin ez dutenak.

Irakurtzeko joeran eta argitaletxeen esparruan ere eragin zuzena izan behar zuen tresnak. Nire ustez, honek ez du askorik lortuko. Hori bai, orokorrean mundu horretan era honetako mugimenduak gertatzen ari direla ezin uka daiteke. Hau beste bat besterik ez da izango.

Baina, batez ere, susmo bat daukat. Badirudi behin jada merkatuan kokatuta eta jendeak produktua erosi duenean Applek produktua hobetua aterako duela. Erosi dutenak beste bat erostera bultzatuak sentituko dira orduan, eta diru kaxak bete-beterik egongo dira. Horrela egin izan du askotan. Gure esku dago zaharkitze planifikatu honetan parte hartzea edo arrazionalismo teknologiko batetik ditugun gailuak ustiatzea eta ez denbora guztian mantra berriei begiratzen egotea.

gorka@teketen.com

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia