Berria.info

Astelehena, 2010ko martxoak 15 -

2010-01-21

'The big crunch'

Irlen sarea

Gorka Julio

Orain dela urte batzuk Interneten webgune edo espazio propioa zuten pertsonak oso gutxi ziren. Horretarako zure webgunea ostatatzeko zerbitzu bat behar zenuen, eta, horretaz gain, html ezagutza minimo bat. Ondoren, Web 2.0 garaiarekin batera, enpresa eta zerbitzu handiek bakoitzak bere txoko komunikatiboa izateko aukera sortu zen. Horrek, informazioari dagokionez, askatasun handiagoa ekarri zuen. Hedabideak ez ziren informazio iturri bakarra, eta beraz, beste hainbat iturri ireki ziren. Sarearen Big Bang-a izan zen.

Azpiegiturari dagokionez ere, software libreko tresnak erabiliz, enpresa handietatik kanpoko zerbitzuak ere sortzen hasi ziren. Blogak sortzeko, adibidez, bakoitzak instala ditzakeen tresnez gain, euskaraz gutxienez hiru zerbitzu ditugu. Baina, hala ere, erraztasunagatik eta nagusitasunagatik enpresa handi horiek beren zerbitzuak gero eta gehiago zentralizatzen hasi dira.

Blogen artean eztabaida era banatuagoan egiten zen, blogen arteko iruzkinen bidez. Orain ezagutzen ditugun sare sozialen barnean, eztabaida bertan eman behar da. Zer esanik ez dago kontrolatzeko ere errazagoa dela azpiegitura zentralizatu bat. Blogen artean trukatzen diren mezuak eta sortzen diren eztabaidak gelditzeko, blog horiek guztiak itxi behar dira, eta sare sozialetan sortutako eztabaida bat gelditzeko, berriz, zerbitzu hori oztopatzearekin nahikoa da.

Azken hilabeteotan enpresa handiek, eta Googlek batez ere, zentzu horretan pauso berriak eman dituzte. Gure datuak nahi dituzte, eta ematen ari gatzaizkie. Gmail ezagunarekin hasi ziren, Google Analytics-ek informazio izugarria eman zien, eta orain Google Public DNS eta Google URL Shortener sortu dituzte. Edozein trafikoren bitartekari izan nahi dute, informazio hori ere eskuratu ahal izateko. Gero eta arruntagoa da helbide bat sakatu, eta zuzenean leku batera eraman beharrean bitartekari batetik pasatu behar izatea: adibidez, URL helbide laburtzaileak, Facebook-eko URLak... Ondorioz, sarearen Big Crunch-a bizitzen ari garela esan daiteke.

Baina, paradoxikoa bada ere, software librea eta hardwarearen kostu txikiak direla eta, bakoitzak bere blog sare, sare sozial, webgune, posta eta abar sortzea inoiz baino errazagoa den arren, gehienok handi horien tresnak erabiltzen jarraitzen dugu askotan. gorka@teketen.com

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia