Berria.info

Ostirala, 2010ko martxoak 19 -

2010-01-14

Botere sarean harrapatuta

Irlen sarea

Gorka Julio

Orain arte ezagutu dugun sarea gero eta kontrolatuagoa egongo da. Botereen aldetik, saioak gero eta gehiago dira. Berriki ezagutu dugu Ekonomia Iraunkorraren Legeak deskarga ilegalak ahalbidetzen dituzten webguneen aurka proposatutako neurriak. Sorpresa nahiko handia izan da neurri horiek hartzea erabakiko duen auzitegia Espainiako Audientzia Nazionala izatea.

Espainiako Gobernuak neurri hain gogorra hartzeko erabakia hartzearen arrazoi guztiak ez dakizkigu, baina erabaki hori bultzatu duten lobby-en indarraren isla bat da. Estatuan auzitegi horren politizazioaz, erabaki sumarioez eta neutraltasun ezaz hitz egiten hasi dira. Antolatzen ere hasi dira, eta Red Sostenible (http://red-sostenible.net) ekimena sortu dute. Euskaldunen artean ezaguna da Egunkaria epaitzen ari den auzitegiaren izaera.

Estatu hauek interes pribatuekiko duten morrontza herritarren gainetik jartzen dute, baina hainbat botere daude leihan; batzuetan estatuak dira, baina beste batzuetan botere ekonomiko pribatuak. Bigarren horiek estatua beren mesedetan erabiltzea lortzen ez dutenean, talkak sortzen dira. Googlek, adibidez, bere zerbitzariei egindako eraso baten ostean, Txinatik ateratzeko mehatxua egin du. Txinako Gobernuak ezarrita zizkion zentsura neurriak eta Interneteko askatasuna jarri du aitzakia moduan, baina hori baino gehiago botere borroka bat dago honen atzean. Egia da Googlek orain arte Interneteko eskubideen aldeko apustua egin duela, baina bere interesak ere defendatzen ditu. Txinan, adibidez, Gobernuak ezarritako neurriek bertako merkatuaren kontrola baldintzatzea lortu zuen. Google, gainera, gure informazio askoren jabe da, eta, ondorioz, kontrol handia izan dezake gugan. Eta esparru pribatuan herritarren kontrol neurriak askoz ere gutxiago dira.

Botere ekonomiko pribatuak gero eta esparru gehiago menderatzen ari da. Estatuak, askotan, botere ekonomiko horrek bahituta dauzkan egiturak izaten dira, baina barruan ere lehia dago. Lehian dagoen hori herritarren askatasuna da, eta hori ez digute ez batak ez besteak ziurtatuko. Internet aske eta neutral bat eskatzen jarraitu beharko dugu; lege horiek salatzea ere ondo dago, baina inoiz baino aukera gehiago ditugu antolatzeko, baita ekonomia era berriak probatzeko ere. Ekin beharko diogu.

gorka@teketen.com

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia