Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 17 - 02:26

AGENDA;2010-01-13;KOMUNIKAZIOA. Euskal Telebista Nafarroan ikusten jarraitzeko kanpaina abian jarri dute. Valentziako Accio Cultural elkartearena da egitasmoa; Mugarik Gabeko Telebista ekimena prestatu dute

Euskal Telebista Nafarroan ikusten jarraitzeko kanpaina abian jarri dute

Valentziako Accio Cultural elkartearena da egitasmoa; Mugarik Gabeko Telebista ekimena prestatu dute

Edurne Elizondo.

Iruñea

Valentziako Accio Cultural elkarteak Euskal Herrira ekarri du Mugarik Gabeko Telebista izeneko kanpaina. Herrialde Katalanetan sortu zen egitasmoa, baina hango mugak gainditzeko asmo garbiarekin, galizieraz, euskaraz eta katalanez dauden irrati eta telebista publikoak hizkuntza horiek mintzatzen diren esparruetara zabaltzea baitu xede. Euskal Herriaren kasuan, kanpainaren helburua da legez bermatzea Nafarroan Euskal Telebista ikusi ahal izatea. Eusko Ikaskuntzak, Euskaltzaindiak eta Kontseiluak bat egin dute.

Abiapuntua, erran bezala, Valentzian dago. Han, azken 25 urteotan, herritarren lanari esker ikusi ahal izan dute Kataluniako TV3 telebista publikoa. Horretarako, Accio Cultural elkartearen ekimenez, milaka herritarren laguntzarekin erositako hedagailuak jarri zituzten Valentziako eskualdeetan. Arazorik ez dute izan, 2007. urtera arte. Urte horretan, Valentziako PPren gobernuak hedagailu sarea bertan behera uzteko asmoa agertu zuen. Geroztik, auzitegien esku dago kontua. «Hainbat auzi irabazi, eta bertze zenbait galdu ditugu; hiru hedagailu kendu dituzte jada», azaldu du, Iruñean, Accio Cultural elkarteko kide Toni Gisbertek.

Gisbertek ez du zalantzarik: «Valentzian katalanez mintzatzen den telebista ikusteko eskubidea dugu». Eta eskubide hori jasotzen du, gainera, Eskualdeetako eta Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Gutunak. Agiri horren 11.2. artikuluak honelaxe dio: «Alde guztiek konpromisoa hartzen dute irrati zein telebista emanaldiak zuzenean jasotzeko eskubidea bermatzeko, bizilagun diren herrialdeetan eskualde edo hizkuntza gutxitu berbera edo antzekoa erabiltzen badute, eta ez dute oztopatuko ondoko herrialdeetako telebista edo irrati emankizunak hizkuntza horretan ematea». Espainiak 1992. urtean sinatu zuen gutuna, eta 2000. urtean berretsi zuen.

Europako gutunak dioena kontuan hartuta, herri ekimen legegilea prestatzen ari dira Accio Cultural taldeko kideak. «Kontua da auzia unean uneko politikarien borondatearen esku ez gelditzea, baizik eta legez arautzea».

500.000 sinadura biltzen

Herri ekimen legegilea aurkeztu ahal izateko, hemezortzi urtetik goitiko 500.000 pertsonaren sinadura behar da. Herrialde Katalanetan 300.000 jaso dituzte jada. Orain, hemen hasiko da kanpaina, herri ekimen legegilearen mamiak euskarazko hedabideei ere eragiten dielako. Aurrera eginez gero, legeak bermatuko luke Euskal Telebista Nafarroan ikustea.

Eusko Ikaskuntzak, Euskaltzaindiak eta Kontseiluak bat egin dute Accio Cultural elkartearen ekimenarekin. Erakunde horien egoitzetan, hain zuzen, aukera izanen da herri ekimen legegilearen alde sinatzeko, datorren astelehenetik aurrera otsailaren 25a bitarte. Erakundeotako buruek hagitz egoki ikusi dute kanpainaren helburua. «Ona litzateke legearen babesa lortzea, agintarien borondatearen pean egon ordez», erran du Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkari Andres Iñigok.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia