'El conquistador del fin del mundo' itzuliko da gaur ETB2 katera
21 parte-hartzaileen artean Euskalteleko txirrindulari ohi bat dago; kapitainen izenik ez dute aurreratu
Urtzi Urkizu.
DonostiaEzustekoz eta berrikuntzaz beteta dator El conquistador del fin del mundo lehiaketaren seigarren denboraldia. Hasteko, emisio eguna aldatu dute: aurreko bost urteetan astelehenetan eman zuten, baina aurten igandeetan ikusi ahal izango da, 22:00etan. Ohiko moduan, denboraldi berriko 21 parte-hartzaileak aurkezteko baliatuko dute aurfeneko programa.
ETBk ez du aurreratu nahi izan zeintzuk izango diren aurten Patagoniako abenturako kapitainak. Hori bai, Jose Luis Kortak eta Juanito Oiarzabalek hasiera batean ez dutela parte hartuko iragarri dute.
Lehiakideak gizonezko eta emakumezko bi taldetan banatuko dituzte, Argentinarako bidaian. Hartara, gehienek pentsatuko dute lehia gizon eta emakumeen artekoa izango dela. Baina ezer ez da dirudiena. Esate baterako, ez diete urteroko arropa «teknikoa» emango. Eta aurreneko desafioa norberak eramandako arroparekin gainditu beharko dute, zeropeko tenperaturak pairatuz.
Programaren lehen egunetan, bestalde, ez da txabola pobre eta aberatsik egongo. Abenturazale guztiak 160 metro karratuko kanpamentu batean bilduko dira, «burdinazko sarjentu gogor» baten gidaritzapean. Sarjentu horren izena ez dute aurreratu, baina lehiakide askorentzat harekin bizitzea amesgaiztoa izango dela azaldu du ETBk.
Aurreneko programan kanporaketen dinamika nola joango den azalduko dute. Kapitain misteriotsua eta 21 parte-hartzaileak hobeto ezagutzeko modua izango da, aldi berean. Parte-hartzaileen artean Euskalteleko txirrindulari profesional ohi bat dago. Txinako, Dominikar Errepublikako eta Estoniako lehiakide bana daude. Aurkezlea, beti bezala, Julian Iantzi lesakarra izango da.
ETBk itxaropen handia du jarria programan, aurreko denboraldian sekulako ikusle datuak lortu baitzituen. Batez beste, bosgarren denboraldiak 194.000 ikus-entzule izan zituen. Finalak 579.000 ikusle izan zituen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (%29,4). Aurreko denboraldi guztietako markak hautsi zituen programak.
2005etik, Patagonian girotutako abentura estreinatu zenetik, hauek izan dira irabazleak: Eneko Van Horenbeke 2005ean, Raul Arribas 2006an, Lourdes Zuriarrain 2007an, Gorka Toraño 2008an eta Gotzon Mantuliz 2009an. Azkeneko urteetan Jose Luis Kortak eta Juanito Oiarzabalek joko handia eman dute kapitain gisa, eta hori izan da ikusleak bereganatzeko amuetako bat.
La1ko zinemarekin lehian
Aurreko denboraldietan, El conquistador del fin del mundo-k Tele5ko CSI telesailarekin lehiatu behar izan du astelehenetan. Eta AEBetako fikziozko saioak dituen jarraitzaile fidelak kontuan izanda, fenomenotzat jo daiteke iaz ETB2ko lehiaketarekin gertatu zena. Aurten, igande gauetan beste lehiakide batzuk izango ditu: Hollywoodeko zinema iragarkirik gabe La1 katean, Pánico en el plató Antena3en, eta Jesus Callejaren Desafio extremo Cuatron. Tele5k gaur La pecera de Eva gazteentzako telesailaren aurre emanaldia egingo du (21:45); gerora La Sieten emango dute. Eta jarraian, 22:30ean, Fernando Colomoren El pacto telefilma estreinatuko dute, haurdun gelditu diren nerabe batzuei buruzkoa. ETB1en zinema ematen dute ordu berean.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
