Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 17 - 02:23

AGENDA;2009-12-31;KOMUNIKAZIOA. Irlen sarea. Jano

Jano

Irlen sarea

Gorka Julio

Urte amaiera iritsi da, iraganari buruz hausnartu eta etorkizunari begiratzen hasteko unea. Egunotan erromatarren mitologiako Jano jainkoa etortzen zait burura. Jainko horrek bi buru ditu, bakoitza alde batera begira. Hasiera eta bukaera adierazten ditu. Horregatik, urteko lehenengo hilabetea adierazteko erabilia izan da; hortik dator Ianuarius eta ingelesezko January, adibidez.

Internet eta teknologiaren munduan urte oparoa izan da. Bederatzi@2009 sariek (http://www.teknopata.net/?p=2113) euskal sarean izandako berrikuntzak nahiko ondo laburbiltzen dituzte. Gai edo gailu berrien inguruan komunitate berriak sortu dira, hedabide eta formatu berriak agertzen hasi dira, hainbat salaketak ere oihartzuna izan dute sarean, egile eskubideen inguruko eztabaida piztu eta sakontzen hasi da...

Gure komunitatetik kanpo, Google izan da albiste berriro ere. Bere jarduerak aldaketa sakonak eragin ditu gizartean. Mugikorren munduan ere aldaketa handia ekarri du, sortu duen Android (http://android.com) sistema eragile berriarekin.

Sare sozialen urtea ere izan da; Facebook eta Twitter nagusitu dira. Horiek ere eragin handia izan dute gugan. Horiekin batera, pribatutasunari buruzko eta tresna horiek erabiltzeko moduen gaineko kezkak ere sortu dira. Liburu elektronikoa, egile eskubideak, datu publikoen eskuragarritasuna, lizentzia libreak... gai eztabaidatuak izan dira. Eztabaida garrantzitsuak dira, eta etorkizunari begira ondo erantzun beharreko erronkak.

2010ari begira jarrita, oso urte garrantzitsua dator. Krisi ekonomikoarekin zer gertatuko den ikusi beharko dugu, baina interesgarria izan daiteke. Denbora errealean informazioa jaso eta bidaltzeak garrantzi berezia izango du; web soziala deitutakoak garrantzia izaten jarraituko du; Internetera gero eta leku gehiagotatik eta gailu mugigarrietatik sartzera ohitzen joango gara, eta erabiltzen ditugun zerbitzu asko beste askoren nahasketaz osatuta egongo dira eta ez dira gure ordenagailuetan exekutatuko, urruneko makinetan baizik.

Jano jainkoa gauzak aldatu nahi dituztenen jainkoa ere bada. Urtean zehar haren tenplua itxita egoten zen, baina guda garaian irekita. 2010. urtea izan dadila tenpluko ateak ixteko urtea, indar berriekin etorkizuneko ateak irekitzeko.

gorka@teketen.com

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia