"Egunkaria" libre
Irlen sarea
Gorka Julio
Goizean begiak ireki ditut berriak entzundakoan tristura jendearen aurpegietan nabaritzen da...». Horrela hasten da Kauta Andoaingo musika taldearen Zaharrak berri abestia. Hain zuzen ere, Egunkaria-ren itxiera zela-eta egun horretako sentipenak zein ziren oso ondo islatzen dituen abestia. Andoaindarra izanik, neuk ere, beste askok bezala, gertutik bizi izan genituen egun haiek, baita Interneten ere.
Gogoratzen ditut egun horietako emozioak, baita Indymedia Euskal Herrian (http://euskalherria.indymedia.org) izan zen mugimendua ere. Gau horietan Egunero-ren bertsio digitalak lortu eta jendearen esku jartzen zituzten zenbait lagunek. Beste batzuek informazioa eta kontaktuak egiten zituzten bitartean. Garai horietan Internet ez zegoen hain hedatua eta barneratua. Orain, gertatutakoa beste era batera izango litzateke, baita Interneten ere. Beharbada, gaur dugun informazioa lortu eta hedatzeko aukerak egoera beste era batera bideratzea lortuko zuen, baina hori ezin jakin.
Orain, auziaren hasierarekin batera, Internet ere mugitzen hasi da. Jende askok jarri du jada, egunkariaren aldeko irudia bere blogetan. Beste askok, horretaz gain, horrekin loturiko informazioak automatikoki publikatzen dituen tresna bat ere ipini du bere webgune edo blogaren txokoren batean. Hainbat webgune eta blogek jarraipen zuzena egin dute: http://berria. info, http://www.javierortiz.net/ voz/egunkaria, http://egunkaria. info... Twitter (http://twitter.com) sarearen bidez ehunka pertsonak elkartasun mezuak eta informazioak bidali dituzte #egunkaria eta #libre etiketak erabiliz.
Baina orain dugu aukera. Erantzutea baino, etorkizuna esperimentatzeko aukera. Horregatik, http://egunkarialibre.info webgunea ere sortu da. Beste webguneekin batera jarraipena egitea helburu izateaz gain, komunikazio esperimentu moduan ere. Hurrengo larunbatean, Bilbon egingo den manifestazioaren berri ematea du lehen helburua. Egun horretan jendeak bidalitako irudiak, bideoak, mezuak, lanak, ideiak bildu eta Interneten zehar zabaltzen saiatzeko, ekimen parte-hartzaile hau bideratu dute. Ordua jarrita dago: larunbat honetan, 12:00etan, Bilboko Kafe Antzokiko atarian. Abestian bezala, gureak diren gauzak zabalduz eta gure indarrak batuz, egun horretan ere «Egunkaria Libre!» esango dugu.
gorka@teketen.com
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
