Berria.info

Osteguna, 2010ko martxoak 18 -

2009-12-03

Informazio gizartearen AK47a

Irlen sarea

Gorka Julio

Gabonak gainean dira. Egunak hozten hasi dira eta egun horietan egiten ditugun oparietan pentsatzeko garaia heldu da. Kontsumismoan erori aurretik pentsatu zertan eta nola gastatuko duzun dirua, beharrezkoa den, beste bide batzuetatik lortu ezin duzun eta abar. Baina, azkenean opari teknologiko bat erosi nahiko bazenu, beharbada netbook bat izan daiteke bilatzen ari zaren opari hori.

Netbookak tamaina txikiko eramangarriak dira. Normalean egiten diren gauza arruntentzako prestatuak daude, ofimatika tresnak, Internet nabigatzailea, multimedia aplikazioak... Egin beharrekoa egiteko nahiko ondo moldatzen dira eta azken bertsioek gainera bateria iraupen handia dute. Eskaintza zabala da: Asus Eee PC (http://eeepc. asus.com), Acer Aspire One (http://www.acer.es/aspireone/), Dell mini (http://www.dell.com)... Denak 300 euroren bueltan.

Azken boladan era horretako eramangarrientzako sistema eragile bereziak sortzen hasi dira. Batzuk, Ubuntu Remix kasu, Ubuntu eramangarri txiki hauetara egokitzeko jaio dira. Google-ren enpresaren Chrome OSek gure ordenagailuan exekutatzen diren aplikazioak alde batera utzi, eta bere zerbitzuak (Gmail, Google Calendar, Google Maps...) mahai gaineko aplikazioak bezala erabiliko dituen sistema eragile batean pentsatzen du. Bigarren aukerak Googleren zerbitzuak erabiltzera bultzatu nahi gaitu. Nahiz eta horrek gure datuak berriro ere Googleren eskuetara bideratu. Baina netbook hauen garrantzia ez da aurreko eramangarriekin konparatuta bere potentzia edo ezaugarri teknikoak, baizik eta eramangarritasuna. Horrelako tresna batekin, informazioa sortu, multimedia fitxategiak editatu, informazioa eskuratu, bideoa grabatu eta edozein tokitan zaudela bidal dezakezu. Informazio gizartean, horrelako bat izatea AK47 bat izatearen parekoa da. Interneterako sarbidea izanez gero gure mezua gauden tokitik mundu osora zabaldu dezakegu minutu batzuetan. Sareek duten efektu biderkatzailea askotan ikusi ahal izan dugu, aukera on bat M11n izan zen. Egun horretan SMS mezuak bakarrik erabiliz, jendea inurritegi baten antzera egituratzeko aukera erakutsi zuen. Sarera konektatzeko gailu hauek hori baino askoz gehiago egin dezakete, baina beharbada gakoa gauzen sinpletasunean dago eta batez ere pertsonetan.

gorka@teketen.com

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia