2009-12-01
'Mikel Laboa (1934-2008)' dokumentala estreinatuko dute gaur gauean ETB3n
Musikariari buruzko lana ETB1 katean ere ikusi ahal izango da datorren igandean, 23:30etik aurrera
Urtzi Urkizu.
DonostiaMikel Laboaren bizitza eta obra artistikoari buruz Mari Sol Bastida kantariaren alargunak zuzendutako dokumentala estreinatuko dute gaur ETB3 katean, 23:40an. Lana ETB1en errepikatuko dute igandean, 23:30 aldera.
Mikel Laboa (1934-2008) ekainean aurkeztu zuten Donostian, eta Elkarrek DVD formatuan jarri zuen salgai -CD batekin batera-. Dokumentalean agertzen dira hauen hitzak, besteak beste: Koldobika Jauregi, Iñaki Salvador, Josetxo Silguero, Ruper Ordorika, Lluis Llach, Raimon eta Anari. Bideo zatien artean, Haika mutil eta Da gry margonens timme dokumentaletakoak eta Musika Hamabostaldiko kontzertukoak.
Ikus-entzunezkoaren hari nagusietako bat 1978an Herri Irratian Laboak berak grabaturiko bospasei irratsaio autobiografikoetan egindako kontakizuna da. Laboaren gertuko kolaboratzaile eta lagunen testigantzek osatzen dute bestea. Musikariaren musikaz eta material grafiko oparoz lagunduta: familiako argazkiak eta bideoak, diskoen azalak, hainbat artistak Laboari eginiko erretratuak, kontzertuen afixak, zuzeneko emanaldiak, prentsa zatiak...
Laboaren ahotsak gidatzen du ikuslea lehen 45 minutuetako bidaian. Lehendabizi Donostiatik Lekeitiora. Donostiara itzultzean falangistek hartutako hirian aurkitutako giro iluna deskribatzen du -desfileak kaleetan, nazien ikurrak eraikinetan...-; gaztaroan, gitarra jotzen hastearekin bat, Atahualpa Yupanqui, Violeta Parra eta George Brassens deskubritu zuen unea; canço mugimenduaren ezagutza; Ez Dok Amairuren sorrera eta desegitea; Baga Biga Higa eta Ikimilikiliklik ikuskizunak; 24 ordu euskaraz jaialdia; Lekeitioen bidea... pasarte guztiak gogoratzen ditu Laboak.
Dokumentalaren bigarren zatian, Iñaki Salvador eta Josetxo Silguero musikariek hartzen dute hitza. Laboak lan egiteko moduaz eta haren izaeraz mintzo dira. 1984an Anoetako kiroldegian grabaturiko kontzertu baten irudiek baieztatzen dute Laboaren izaera transgresorea. Hamar minutuko bakarrizketan Camino y piedra kantua, Cantinflas, «no te me achicopales» esaldi ezaguna, La donna é mobile, presokratikoak eta Arkimedesen printzipioa lotzen ditu musikari donostiarrak.
Bernardo Atxagak bikingo deitu zion poema batean, eta Koldobija Jauregik basajauna dela dio dokumentalean: «Hanka bat plaza batean eta bestea basoan jarrita duen erraldoi bat».
Irratietan Laboaz ariko dira
Euskadi Irratiko Faktoria saioan Juan Gorritiren etxera joko dute, 10:00etan, Mikel Laboaz hitz egiteko. Izan ere, Laboa eta beste hainbat lagun biltzen ziren etxe horretan.
Radio Euskadiko Boulevard-en, 10:30ean, Laboaren ahotsarekin eta bere ingurukoen testigantzarekin osatutako erreportajea izango da entzungai.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
