Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 17 - 02:16

AGENDA;2009-10-24;KOMUNIKAZIOA. Beto eta bazterketa ideologikoak EITBn. Arrazoi politikoengatik bi editore eta editore laguntzaile bat kargutik kendu ditu EITBk berriki. Aurreko zuzendaritzarekin, berriz, «kontrola, betoa eta pertsekuzioak» izan ziren; batik bat, Radio Euskadin.

Arrazoi politikoengatik bi editore eta editore laguntzaile bat kargutik kendu ditu EITBk berriki. Aurreko zuzendaritzarekin, berriz, «kontrola, betoa eta pertsekuzioak» izan ziren; batik bat, Radio Euskadin.

Beto eta bazterketa ideologikoak EITBn

Urtzi Urkizu.

Donostia

«Presio izaugarriak izan ditut. Zuzendaritza indar faktikoek estutzen dute eta hori kate baten gisakoa da. Zuri galga jartzeko dago zure gainekoa, eta zuk muga gainditzeko». Julio Ibarrak 2005. urteko azaroan BERRIAri emandako elkarrizketa bateko hitzak dira. «Jakin badakit nire lanak bazuela amaiera, aurten ez bazen, hurrenean edo hemendik bi urtera». 10 urte zeraman Ibarrak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gehien ikusten zen albistegia editatzen eta aurkezten. Baina aipatutako indar faktikoek ez zuten gogoko. Metro Bilbaotik egin zioten lan eskaintza, eta albistegia utzi zuen Ibarrak -askoren ustetan, albistegia uztea lagundu zioten-.

2009ko urria: azkeneko egunetan EITBko zuzendaritzak arrazoi politikoengatik kargutik kendutako bi editore eta editore laguntzaile baten kasua ahoz aho dabil; horren ondotik, ETBko politika saileko buruak eta ekonomiako berrien arduradunak dimititu egin dute. Ez da giro Bilboko egoitzan. Kazetari batek BERRIAri azaldu dionez, «formak ez dira onenak izan», eta, horregatik, «haserre» daude erredakzioan. Beto ideologikoa lehendik hasia da EITBn -Gabirel Ezkurdia Pásalo-ko solasalditik bota dute, adibidez-. Baina betoa egon zen aurreko zuzendaritzekin ere.

Iraganean halako gorabeherak ez ziren samurragoak izan, Gorka Andraka Tas-Tas irratiko esatariaren arabera: «Orain gertatutakoa handietsi nahi dute batzuek, baina betoak lehen ere gertatu ziren». Mar de fueguitos saioa bost urtez egin zuen Andrakak Radio Euskadin, eta 2004ko irailean programa kendu zioten. «Diru faltaren aitzakiarekin langileei beldurra sartzen zien zuzendaritzak. Eta haien ildo editorialarekin bat egiten ez zuten profesionalak baztertu egiten zituzten». Andrakak nabarmendu du, halaber, «kazetarien autozentsura» zegoela bera irratian egon zen urteetan, eta egun ere badagoela.

«Hamarkada beltza»

Iñigo Camino -egun Deia-ko zuzendaria da- Radio Euskadiko zuzendari izan zen 1999tik 2008ra. Izena eman nahi ez duen EITBko langile batek «kazetariarentzako hamarkada beltza» gisa definitu du. Egunero pertsekuzioak zeudela eta «garbiketa ideologiko eta profesionalak» izan zirela salatu du kazetari berak; Lizarra-Garaziren aldekotzat identifikatu zituzten baztertutako gehienak. Eta Egibar-Imaz borrokan Imazen aldekoek indarra hartu zuten irratian. Caminoren konfiantzazkoak ez zirenak alboratzeaz gain, «kupidarik gabe lepoak moztu» zituztela gogoratu du kazetari batek. «Caminok kanpotik ekarri zituen kazetariak konfiantzazko postuetarako, ez zelako fidatzen zeuden kazetariez. Morroiak nahi zituen, aginduak beteko zituztenak».

Luzea da 1999tik 2008rako tarte horretan Radio Euskadin baztertutako kazetarien zerrenda: Natalia Diaz albistegietako arduraduna izan zen 2002/2003 denboraldian, eta dimititu egin behar izan zuen -irratira itzuli zen ekainean, Más que palabras magazinera, Javier Vizcainoren eskutik-; 2003ko amaieran Pedro Garcia Larragan -egun, ekonomian- goizetatik arratsaldera pasatu zuten eta haren lekuan Xabier Lapitz -egun, Onda Vascan- jarri zuten; Natalia Serrano Ganbara gaueko eztabaida saioa gidatzetik arratsaldetara pasatu zuten 2004an; Fermin Alberdi kazetaria alboratu egin zuten, egoitza batetik bestera aldatuz eta ordutegi txarrenetan jarriz...

EITBko kazetari beterano batek gogor hitz egin du Radio Euskadiren aurreko zuzendaritzaren kontra: «Pertsekuzio bat egon zen era libre batean egiten zutenen kontra. Belauniko lan egiteko eskatzen zuten. Mehatxu fisikoak ere egin zituzten». Era berean, «garbiketa sakona egin» ostean, garai batean irratiko prime-time-an lanean zeuden 25 pertsonetatik soilik hiru ziren plantillakoak.

Iñigo Camino joan aurretik, Radio Euskadiko langileak prentsa ohar bat zuten prestatua zuzendariaz kexatzeko. Baina, Camino Andoni Ortuzarrekin EAJren Bizkai Buru Batzarreko komunikazio arduradun izateko bazihoala eta, Juan Diego gerenteak langileak konbentzitu zituen oharra bidal ez zezaten.

Caminoren ostean Estibaliz Ortizek hartu zuen Radio Euskadiko zuzendaritza -egun Onda Vasca irratiko zuzendaria da-.

EITBren aurreko zuzendaritzak edukietan «kontrol ideologiko handia» ezarri zuen, hainbat kazetariren arabera. Horrekin lotuta, aipatzekoa da Joxe Felix Azurmendi EITBko Nazioarteko Zabalkunderako zuzendaria solasaldi politikoetatik kentzeko egin zutena. Arau bat sortu zuen kontseilu editorialak, non EITBko kargu bat zutenei debekatu egiten baitzieten solasaldietan parte hartzea. Azurmendik berak bere blogean -ezabatuta dago- aitortu zuen bera zela solasaldietako kargudun bakarra.

uurkizu@berria.info

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia