Berria.info

Ostirala, 2010ko martxoak 12 -

2009-10-15

Olatu guztien gainetik, hodei guztien azpitik

Irlen sarea

Gorka Julio

Googleren azken tresna Wave (olatua) da, http://wave.google.com. Googlek egindako propagandaren arabera, «posta elektronikoa orain asmatuko balitz, Wave horren parekoa izango litzateke». Tresna horrek tresna bakar batean nahastuko ditu posta elektronikoa, posta zerrendak, berehalako mezularitza, wikiak eta sare sozialak. Posta elektroniko bateko mezu batean, mezu osoa ez baizik eta interesatzen zaizun zatia eztabaidatu ahal izango duzu denbora errealean, interesatzen zaizun pertsonekin bakarrik, eta itzulpen automatikoa egiteko aukera ere egongo da.

Googlek produktu hori software libre moduan zabalduko du. Erabiltzen duen protokoloa ere librea izango da. Beste norbaitek Waverekin batu nahi badu, egin ahal izango du. Baina errealitatean jende gehiena berriro ere beren zerbitzarietan lanean egongo da, eta informazio guztia hor izango du. Googlek teknikoki ondo egiten daki, baina komeni al da enpresa batek hainbeste informazio eskuratzea.

Ez da Google bakarrik; gero eta arruntagoa da benetan aplikazioak urruneko zerbitzari batean egitea, eta datuak hor gordetzea, gehienok daukagu nabigatzaile bidez atzigarria den posta elektronikoa adibidez. Orain esaten den bezala, gaur egungo tresnek hodeian lan egiten dute. Ez dakigu non dauden gure datuak, ez dakigu zehazki aplikazioak non dauden, ez dakigu zehazki nola dabilen, baina badabil eta jende askori hori bakarrik inporta zaio. Datu horiek zein ordenagailutan dauden eta non exekutatzen diren garrantzirik izango ez balu bezala. Baina, hori gure esku egotea oso garrantzitsua da.

Aldiz, etxeko ordenagailu eta gailuek gero eta konputazio aukera handiagoak dituzte. Aplikazioek beste leku batean funtzionatu behar badute, zertarako behar ditugu makina handi horiek? Bi joera kontrajarri. Baina joera hori gure mesedetan balia dezakegu. Google edo beste handi bati gure datuak eta aplikazioen kontrola eman beharrean, software librea eta ditugun konputagailu boteretsu horiek erabil ditzakegu. Zerbitzu propioak sortu, gure zerbitzarietan. Zaila izango da; batzuetan ezingo diogu olatuari ihes egin, baina askatasunak merezi du. Halako talde ekimenak gero eta garrantzitsuagoak izango dira etorkizunari begira. Olatu guztien gainetik hodei guztien azpitik.

gorka@teketen.com

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia