Gaurko filmak
Errusiar mafiaren gaineko drama irregularra
David Cronenberg zinemagile kanadiarrak lan interesgarriak egin izan ditu (Videodrome, The Fly, Crash, Spider...), gizakiaren barne mundu ilunenetan murgilduz eta giza miserien gainean hausnartuz. Baina ez gaitu beti-beti asebetetzen, eta Eastern promises honekin hotz utzi gintuen. Ez da bere filmik onenen mailara iristen.
Ez dugu esango film txarra denik, edo aktoreak gaizki daudenik -Viggo Mortensen aktorerik onenaren oscar sarirako izendatu zuten-. Baina gangsterren munduan kokatutako istorioak zerbait falta duela sumatzen dugu, ez duela egiten ez aurrera ez atzera.
Londresen girotzen da trama nagusia, eta Errusiako mafiakoak dira protagonistak. Baina berdin koka zitekeen beste leku batean eta beste mafia batzuekin. Hau da, testuinguruak ez du berezko indarra hartzen. Gainera, ez du ikus-entzulea hunkitzen. Eta susmoa dugu filma amaitu eta ikusitakoa denbora laburrean ahaztuko duela.
Donostiako Zinemaldian duela bi urte aurkeztu zuten, eta harrera beroa jaso zuen. Kritikari batzuek agian Cronenbergena zelako goraipatu zuten. Zeuzkan baliabideekin eta gidoiarekin lan hobea egin zezakeen sentipena gelditzen da.
Urtzi Urkizu
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
