Berria.info

Ostirala, 2010ko martxoak 19 -

2009-10-01

Auzolanaren kartografoak

Irlen sarea

Gorka Julio

Merkatu librearen filosofiak jabetza pribatua eta indibidualtasunaren paradigmatik harago ikusteko gaitasuna murrizten digu, baina zer gertatzen da publikoarekin eta kolektiboarekin? Askorentzat balio horiek desagertzear daude, baina sareari esker inoiz baino biziago daude.

Orain arte, merkatu filosofiaren arabera, diruagatik eta horren sorkuntza pribatu mantentzeagatik lan egiteko prest bakarrik zegoen jendea. Baina, Interneten dohainik eta sorkuntza hori denon eskura jartzen duen jendea dago. Proiektu askok sortzeko era hoberena dela ere frogatu dute; Wikipedia entziklopedia askea eta GNU/Linux sistema eragilea kasu. Komunitate horietan balioak zentzu berri bat hartzen du. Balioa ez da salneurria, baizik eta komunitatean egindako lan horri ematen zaion garrantzia, eta bertan sortzen diren erlazioek zentzu berria ematen diote hitzari.

Era kolektiboan sortzeko era berri horiek ziurtatu nahi izaten dute eremu publiko eta kolektibo horretan egiten dena bertan gelditzen dela. Horregatik, Wikipediako artikuluek adibidez bertan erabilitako edukia era berean banatzeko eskatzen duen lizentzia bat darabilte. Norbaitek eduki hori erabiliz gero besteok berrerabiltzeko aukera izango dugula ziurtatuz.

Horrekin lotuta zer pentsatu ematen du publikoak diren gauza askok benetan publiko ez izateko duten joerak. Horregatik, gero eta gehiago dira politika publikoak era honetako filosofiarekin lan egiteko eskatzen duten pertsona eta taldeak, adibidez Askatu Datuak (http://askatudatuak.pbworks.com/). Talde horrek erakunde publikoek diru publikoez osatutako datuak askatzea eskatzen du.

Baina, gaur egun ez dugu zertan itxaroten egon behar, baliabideak gure eskura daude. Adibide polit bat OpenStreemMaps proiektua da. OpenStreemMaps proiektuan, Google Maps-en antzeko mapak sortu nahi dira, baina horiekin konparatuz sortzen diren mapak erabat libreak dira. Hau da, edozertarako erabil daitezke.

Bilbon ostiralean eta Andoainen larunbatean egingo diren OpenStreetMaps jaietan (http://sustatu.com/1253025232), mapa aske horiek sortzeko bilkura irekiak izango dira. Jabetza kolektibo eta publiko horren ur tanta txiki berriak sortzen hasi garela dirudi. gorka@teketen.com

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia