Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 17 - 02:11

agenda;2009-09-24;Irlen Sarea. Kazetaritza hibridoa

Kazetaritza hibridoa

Irlen Sarea

Gorka Julio

Internetek informazio alorrean aldaketa handiak ekarri ditu. Aldaketa nagusia eskasi batetik oparotasun batera igarotzea izan da. Lehen informazioa sortu eta bideratzeko aukera gutxi bazeuden, orain aukera horiek era esponentzialean hazi dira. Informazioari ematen zaion arretan dago gakoa, eta, horretarako, kazetarien harremanetarako gaitasuna eta komunikabidearen inguruan bildutako komunitateak garrantzi handikoak izango dira.

Kazetari askok eraso bezala hartu badute ere, aldaketa horrek ez du zertan berentzako txarra izan. Noski, erredakzioan berri ofizialak etorri zain dagoen, posta elektronikoari bakarrik begiratzen dion eta bere aulkia uzten ez duen kazetari horrek jai dauka. Kazetari berriek sare moduan funtzionatu beharko dute. Multimedia gaitasunak izan beharko dituzte, eta dauden tokitik komunikatzeko gaitasuna izan beharko dute. Baina garrantzitsuena pertsonekin harremanetan aritzeko erraztasunak izatea izango da. Kalean eta Interneten.

Hedabideen aldetik, beharrezkoa izango da horren inguruan elkartzen diren pertsonen arteko interes sare eta komunitateak biltzea eta horiekin batera informazioa sortuko, alderatuko, elkar banatuko... dituzten tresna eta ideiak martxan jartzea. Hedabidearen informazioa mila bider eta mila lekutan zabaldu, erabili, berrerabiltzeko bideak jarri beharko dituzte. Eta, hedabideontzat, oso garrantzitsua izango da informazio horiek ekonomikoki ustiatzea.

Gai ekonomikoekin hasita, zorte handia dute harpidetza bidezko zerbitzua ematea lortu duten hedabideek. Hori egin ezin izan dutenek, berriz, beste bide batzuk jorratu beharko dituzte. Interneteko publizitatearen prezioak igo arte, behintzat. Edukiengatik ordaintzea ez da aukera ona; oparotasunaren kultura batean, oso gutxitan funtzionatzen du trabak jartzeak. Beste gauza bat da hautazko mikroordainketak proposatzea, gustatu zaizun artikulu edo kazetari horren lana saritzeko.

Egoera horretan hedabide tradizionalen sinesgarritasuna etengabe erortzen ari den arren (http://people-press.org/report/543/), oraindik iraganean izan duten nagusitasunari eusten diote, eta hori oso garrantzitsua da komunitateak eraikitzeko garaian. Laster, berandu izan daiteke.

gorka@teketen.com

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia