'Mar de fueguitos' saioa egunero egingo dute berriz, 3 urteren ondoren
Gai sozialei buruzko Gorka Andrakaren saioa Tas-Tas, Eguzki eta Hala Bedi irratietan zabalduko dute
Edu Lartzanguren.
Gorka Andrakak zuzendu eta aurkezturiko irratsaioa, Mar de fueguitos, astean behin eman dute azken hiru urteotan, baina egunero egingo dute orain, denboraldi berrian. Gizarte mugimenduen eta garatzeko bidean dauden herrialdeen errealitatearen berri ematen du saioak, Bilboko Tas Tas irratitik, astelehenetik ostiralera, 13:00etatik 14:00etara, eta gauerdian grabazioa ematen dute. Iruñean eta Gasteizen ere entzun ahalko da, Eguzki eta Hala Bedi irratien bidez, hurrenez hurren.
«Hiru urte ibili naiz saioa astean behin egiten, aitatasun iraunkor kontuengatik», dio Andrakak. Duela bost urte Radio Euskadi utzi zuen esatariak, saioaren denbora murriztu eta magazine bateko atal hutsa bihurtu nahi zutelako. Tas-Tasen bi urte egin zituen Mar de fueguitos egunero aireratzen.
Laguntzaile berriak
Eguneroko formatuan saioak zituen laguntzaile gehienak berreskuratu ditu Andrakak. Horrez gain, beste bi laguntzaile erakarri ditu: Xabier Bañuelos kazetaria eta bidaia gida eta Amparo Pimiento Kolonbiako hezitzailea. Lehenak atal bat egingo du, astean behin, bidaien inguruan. Turistek bisitatzen dituzten lekuak erakutsiko ditu, baina elkartasun ikuspegi batez. Bigarrenak Bilboko baztertuentzako aterpe batean egiten du lan, eta kalean zein lanean ikusi dituen gauzen berri emango du astero.
Eduki eta gai propioak landu nahi ditu Andrakak: «Eguneko egunkariak irakurri gabe egin nahi dut saioa, hau da, herrialde honetako kazetari gehienek egiten dutenaren kontrakoa». Horretarako, iturri alternatiboak eta munduan barreiatuta daukan lagun sarea erabiliko ditu.
Duela ia hamar urte sortu zuen saioa Andrakak. Saioak hasieran asko begiratzen zien halako erakundeek egiten zuten lanari. Hiru urteren buruan, globalizazioaren kontrako mugimenduaren loraldia izan zen, eta saioak ere arreta handiagoa jarri zion horri. «Orain badirudi hori ahaztuta geratu dela, baina guk jarraituko dugu gizarte mugimenduei begira, txikiak badira ere, GKE handi eta bankuen laguntza dituzten egitasmoei baino gehiago».
Betiere, beste irratietan diotena berriz esatea saihestuko duela agindu du Andrakak. «Horietan papagaiak aldatzen dituzte, baina kapitaina berbera izaten jarraitzen du».
Bilbo, Gasteiz eta Iruñeko irrati libreak bildu dira goizeko magazinea egiteko
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
